Salah Lebsir, lau urtez Marokoko espetxetan egondako kazetari sahararra aitortu zuen Laudioko Udalak

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 6a, 07:20

Salah Lebsir ekintzaile sahararra eta Loli Muriel zinegotzia:/ Aiaraldea

Kazetari sahararra Laudioko udaletxean egon zen atzo, bere jarduera eta pairatutako errepresioa aitortu baitzioten, Herri Babesarearen IV. Foro Ibiltariaren barruan.

Salahdin Abdala Abdala Hanafi -Salah Lebsir ezizenez ezaguna- Laudion egon zen atzo udalaren aitorpena jasotzeko, Loli Muriel zinegotziaren eskutik. Tokiko erakundeak bere ibilbide ekintzailea nabarmendu zuen, herri sahararraren alde

Ekitaldia Herri Babesarearen IV. Foro Ibiltariaren barruan egin zuten, Andoain, Amorebieta-Etxano, Durango, Ea, Bilar, Errenteria, Galdakao, Hernani eta Irungo Udalen parte hartzearekin. Egitasmo horren helburua da giza eskubideei buruzko kontzientzia sustatzea, horien alde borrokatzen dutenak goraipatuta.

Salah Lebsir Nushatta Foundation erakundeko kidea da. Talde horrek lurralde saharar okupatuetan zein errefuxiatu kanpalekuetan gertatzen denari buruzko informazioa zabaltzen du, dokumentalak eginda, besteak beste.

Gose greba luzeak egin zituen Lebsirrek bere espetxealdian, funtsezko eskubideak izateko. Adibidez, bere senideak ikustea. 

Une hauetan Lebsir estatu espainiarrean dago Mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundearen giza eskubideen defendatzaileen programari esker. Horretarako Aljeriako pasaportea baliatu behar izan du. "Bestela, arriskua nuen Marokoko espetxeetan berriro bukatzeko. Espainiak  marokoarren eskuetan uzten ditu ekintzaile saharrak, eta nire kontra bilatzeko eta atxilotzeko agindua dago" gogoratu zuen sahararrak.

4 urtez espetxean

Ekintzaileak lau urteko espetxealdia bizi izan zuen 2015etik 2019ra. "Lau urteak gogorrak izan dira, nire lana kazetari gisa egiteagatik. Nire epaiketa ez zen justua izan eta espetxez aldatu ninduten prozesuan, euren interesen arabera", salatu zuen.

"Nire sufrimendua ez da izan nirea bakarrik, nire familiarena ere izan da. Ez dut nire egoerari buruz hitz egin nahi, hemen borroka sahararra aldarrikatzeko bainago, baina nire senideak leku batetik bestera ibili dira hilean behin hiru minutuz ni ikusteko", azpimarratu zuen ekintzaileak.

Bere kartzelaldian hainbat gose greba egin zituen, 32 egunekoak edota 45 egunekoak: "Soilik nire senideen ahotsa entzun ahal izateko. Edonola ere, nik pairatutakoa hainbat preso politikok jasaten dute orain".

Hedabideen gerra

Lebsiren aburuz, egungo Saharako gerra informazioarena da, horregatik Nushatta Foundationek hainbat dokumental ekoiztu ditu errefuxiatu kanpalekuei buruz, edota lurralde okupatuen bitarteko naturalen harrapaketa arbuiatzeko.

Saharrara oso eskertuta agertu da euskal gizarteak erakutsitako elkartasunagatik bere herriarekin, "Nobel Saria merezi du euskal gizarteak horregatik".

Halaber, Lebsi oso kritikoa izan da Pedro Sanchezen jarrera aldaketarekin Saharako gatazkan: "Independentzia eta autodeterminazioa merezi du herri sahararrak. Espainiak 1975ean abandonatu zuen, eta Sanchezek gauza bera egin du".

Dena den, atzo Laudion jasotako harrera eskertu zuen omenduak; eta adierazi zuen espero duela presoentzako eta kazetarientzako babes hori luzatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide