ERREPORTAJEA

Guda Zibilaren museo-biziak 1936. urtera eraman zituen Ermualdeko bisitariak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urr. 6a, 16:05

Guda Zibilaren pasadizoak antzeztu zituzten iragan urriaren 1ean Ermualden, Euskal Herritik, Kataluniatik eta Espainiako Estatutik etorritako ia 100 boluntariok; dulea 86 urte gertatutakoa ezagutzeko modu didaktiko batean.

Barrikadak, Eusko Gudarostearen batailoiak, anarkisten errepide kontrol bat, bolborategi bat, erreketeen txapel gorriak… denboran atzera egin zuen iragan urriaren 1ean Laudioko Ermualdeko inguruneak; 1936. urtera hain zuzen ere. 
Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako Estatuko hamaika elkartek, Laudioko Udalaren laguntzaz, Guda Zibilaren berregite historikoa burutu zuten Laudioko santutegiaren inguruan. Guztira 100 boluntariok hartu zuten parte egun osoan luzatu ziren ekintza desberdinetan.

 “Historia erakusteko modu entretenigarri eta didaktikoa da hau. Liburuetan murgildu gabe, gerrako pasarte eta egoera desberdinak ezagutzeko parada eskaintzen du”, azaldu zion Aiaraldea Komunikabideari Asier Perez de Eulatek, egitasmoaren antolatzaileetako bat.

Museo bizia

Eszena belikoen antzezpenaren aurretik duela 86 urteko egunerokoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten Ermualdera goizean goiz igo ziren dozenaka bisitariek. Boluntarioak taldetan banatu eta gerrako eszena desberdinak antzeztu zituzten, gida batek datu historikoak eta bitxikeriak azaltzen zituen bitartean. Horrela, gerra-eritegi bat, karlisten elizkizun bat edota gudarien batailoi baten aginte postua ziren, besteak beste, bisitatu zitezkeen eszenatokietako batzuk.

“Historialariak eta Guda Zibilean adituak dira berregitean eta antzezpenetan parte hartzen ari direnak, ez dira mozorrotutako figuranteak"

Museo biziak 1936ko gerra pasadizo batean murgildu zituen herritarrak. Duela 86 urte, altxamendu faxistak porrot egin zuen estatu kolpe saiakeran, eta hiru urtez luzatuko zen guda zibila piztu zen. “Ohikoa da entzutea gerran bi bando egon zirela, baina bando bakarra egon zen; matxinoen bandoa, hain zuzen ere. Bestea II. Errepublikako gobernu legitimoaren alde mantendu ziren indarrak ziren”. Hain zuzen ere, Errepublikaren alde lerratu ziren indar politiko eta militarren batasunak (abertzaleak, komunistak, anarkistak, sozialistak..) lortu zuen faxisten estatu kolpea gelditzea hasiera batean.

“Historialariak eta Guda Zibilean adituak dira berregitean eta antzezpenetan parte hartzen ari direnak, ez dira mozorrotutako figuranteak —  nabarmendu zuen Perez de Eulatek —  bisitariek gaiarekiko edozein zalantza argitzeko aukera dute, aditu baten eskutik”.

Zer gertatu zen Ermualden?

Duela 86 urte ez zen entrenamendurik egon Ermualden, baina inguruak berebiziko garrantzia du gerra kontestuan. Izan ere, bertan dago Bilbo tropa frankistetatik babesteko eraikitako Burdin Hesia, gaur egun ere bisitatu daitekeena. “Antzezpenaren helburua da aiaraldearrei erakustea nolakoak ziren haien aitonen unitateak”. Hain zuzen ere, unitate eta eskualdeko pertsonaia errealak baliatu zituzten gerra pasadizoa antzezteko.

1936an gerra piztu zenean eskualdeko biztanleak bi unitateetan engaiatu ziren nagusiki. Errepublikaren alde mantendu zirenak Eusko Gudarostearen 14. Batailoira sartu ziren Araba Batailoira, hain zuzen. Altxamenduarekin bat egin zutenak, aldiz, uztailaren 18ko estatu kolpeak huts egin ostean Gasteizera ihes egin zuten, eta Arabako Erreketearen 4. Konpainiara batu ziren. Bi unitate horiek aurrez aurre egin zuten borroka, Ermualden ez, baizik eta Urduña inguruko San Pedro mendian. “San Pedro mendian talka egin zuten unitateak ez ziren urrunetik etorritakoak, lubakien bi aldeetan aiaraldearrak zeuden, eurak baitziren ingurua hobekien ezagutzen zutenak”.

Izen propioak

Antzezpenean garaiko pertsonaia errealak hartu zituzten oinarri. Hainbat aktore boluntariok pertsona horien biografiak ikasi eta euren botak jantzi zituen urriaren 1ean. Guztien artean Juan Ibarrola Orueta laudioarraren figura nabarmendu zuten.

Juan Ibarrola Orueta Laudioko Larrazabal auzoan jaio zen, 1900. urtean, familia karlista batean. Bere aitonak Montejurrako batailan parte hartu zuen I. Guda Karlistan. Ibarrola ideologikoko kontserbadorea zen, karrera militar oparoa zuen eta Guda Zibila lehertu zenean Guardia Zibilean zegoen sartuta. Bera, ordea, II. Errepublikari leial mantendu zen. Eusko Gudarostearekin batera aritu zen iparraldeko frontea erori zen arte. Ibarrolak ez zion Guda Zibiliean borrokatzeari utzi eta Armada Errepublikanoan jarraitu zuen.

Besteak beste, Terueleko batailako protagonista nagusienetako bat izan zen. Guda amaitu zenean Alacanteko portuan hartu zuten atxilo eta heriotza zigorrera kondenatu zuten frankistek. Heriotza zigorra konmutatu eta preso eman zituen hainbat urte. 1976an hil zen Laudion.

Beste izen propio asko ere ekarri zituzten gogora urriaren 1eko ekintzetan, baita gerran hildakoei omenaldia egin ere. “Gure oraina ulertzeko ezinbestekoa da iragana ezagutzea. Denok jakin beharko genuke nola iritsi garen historiako une honetara”, aldarrikatu du Asier Perez de Eulatek.

Argazkiak: Aitor Burgoa

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide