Laudioko Udalak prentsa oharra zabaldu du ziurtatzeko aurrera pausoak ematen ari dela txakurren asialdirako gune gehiago irekitzeko. Izan ere, Latiorron dagoenari gehitu zioten aurten Aretako Bide Zaharrean kokatutakoa.
Tokiko erakundeak adierazi du txakurrak aske ibiltzeko beste eremu bat prest egongo dela urtea amaitu baino lehen Latiorron, Altzarraten, hain zuzen.
Parte hartzerako prozesua egin ostean, Lamuza parkean, Sagastian, Gardean eta Aretan ere horrelako azpiegiturak irekitzea aurreikusi dute.
Halaber, Laudioko Udalak aipatu du urteko egun guztietan erabili daitezkeela toki horiek, edozein ordutan. Hori bai, 2020tik indarrean dagoen Animaliak Babesteko eta Edukitzeko Ordenantzaren baldintza guztiak bete beharko dituzte jabeek, eta, bereziki, animalien gorotzak jaso eta horretarako prestatutako zabor-ontzietan behar bezala utzi. Gainera, animaliak etengabe kontrolpean eduki beharko dituzte, maskota eta pertsona guztiek gune horretaz modu seguruan gozatzeko.