San Juan erreka gaineko zubi berriko azken habea jarrita, obrek "mugarri garrantzitsu bat" erdietsi dutela azaldu dute

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urr. 7a, 12:09

Ura Euskal Agentziak eta Laudioko Udalak agerraldi bateratua egin dute. / Aiaraldea.eus

Agerraldia egin dute gaur URA agentziak eta Laudioko Udalak, San Juan errekaren ibilgu lehengoratuaren gainean eraikitako zubiaren obretan. Goikoplaza eta Nerbioi kaleak lotuko dituen zubiko azken habea instalatu zuten atzo, eta lanen barruko "mugarritzat" jo dute.

Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendariak eta Ander Añibarro Laudioko alkateak San Juan erreka uholdeetatik babesteko obrak bisitatu dituzte gaur. Azaldu dutenez, urte hasieran abiatutako lanen "mugarri" berri bat jarri dute gaurkoan. Izan ere, San Juan errekaren ibilguaren gainean Goikoplaza eta Nerboi kaleak lotuko dituen zubi berriko azken habea instalatu dute.

Antonio Aizek adierazi duenez, aurreikusi baino zailtasun gehiago aurkeztu dituzte lanek. Izan ere, gasa eta argindarra bezalako zerbitzu ugari desbideratu behar izan zituzten obrak hasterakoan. "Behin zubia amaituta dagoela, eta zerbitzu guztiak berriro ere bertatik bideratzen ditugunean, erreka bazterren naturalizazioa geratuko zaigu bakarrik lanak amaitutzat jotzeko" azpimarratu du Ura agentziako zuzendariak. Aurreikusi dute 2023ko otsailean bukatuko dituztela obrak.

Uholdeen aurkako babesa

Urte hasieran abiatutako lanen helburua San Juan erreka uholdeetatik babestea da. Orain arte uholde arrisku handiko eremua zen San Juan erreka Nerbioi ibairekin bat egiten zuen bokalea. Ibaiadarrak ubide ahokatu eta estali batetik egiten zuen bat Nerboiarekin, eta euriteetan buxatzeko erraztasun handiak zituen.

Hain zuzen ere, 2021eko azaroan jazo zen azken uholdea inguru horietan Ander Añibarrok gogorarazi duenez. Orduko hartan, euri jasa indartsuen ondorioz, gora egin zuten Nerbioi eta San Juan erreketako urek. "Udaltzaingoarekin koordinatutako erantzun azkarrari esker, San Juan errekaren gaineko aparkalekutik autoak ateratzea lortu genuen" gogorarazi du Añibarrok. "Behin lanak bukatuta, aurreikusi dezakegu ez dugula berriro ere gure burua horrelako egoera batean ikusiko" azpimarratu du alkateak.

Hori ekiditeko Zumalakarregi eta Goikoplaza kaleen arteko 150 metroko zatian egin dira jarduketak: San Juan errekaren zabalera handitu, Nerboi ibaiarekin zuen geometria hobetu eta bere ibilgua aire zabalera ireki dute.

Aizek azaldu duenez, jarduketari esker errekaren ahalmen hidraulikoa handitu egin da: "Orain arte ur goraldien errepikatze-denbora 10 urtekoa zen inguruan. Lanen ostean errepikatze-denbora 100 urtekoa izango da ibilguan eta 500 urtekoa erreka ertzetan. Horrek nabarmen jaitsiko du uholde arriskua". Lanek, milioi bat euroko kostua izan dute guztira.

Lan gehiago

Behin San Juan errekako lanak amaituta, aurrera jarraituko dute Nerbioi ibaiaren uholdeen aurkako defentsarako proiektuarekin. Proiektuaren helburua Nerbioi ibaiaren ahalmen hidraulikoa handitzea da, eta ur-goraldien errepikatze denbora 100 urtekoa izatea dira; 438 metro m³/s-ko emaria hain zuzen ere. Horretarako Kurajo pasabidearen eta Altzarrate zubiaren arteko ibaiaren ohearen sakonera handituko dute, metro bateko indusketa eginez.

Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatuko dute proiektua, 4,7 milioi euroko kostua izango duena. Aurreratu dutenez, lan horiek 17 hilabetez luzatuko dira.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide