Berangoko Nazioarteko Milian lortutako hiru dominekin hasi da Laudio Atletismo taldea kros denboraldia prestatzen

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 12a, 11:19

Podiumean hiru aldiz topatu zuten lekua kirolari laudioarrek./ L. A. K.

Berangoko XXXIV. Nazioarteko Milian Ane Lopez, Naia Laso eta June Rivas podiumera igo ziren. Kluba proba horrekin hasi da kroseko denboraldia prestatzen, helburu jakinak dituzte azaroan bertan betetzeko eta.

Larunbatean lehiatu zen Berangoko XXXIV. Nazioarteko Milia eta Laudio Atletismo Klubeko hainbat kidek parte hartu zuten hitzorduan. Gainera, hiru taldekide dominarekin itzuli ziren etxera. Hain zuzen, June Rivasek brontzezko domina eskuratu zuen 16 urtetik beherako kategorian, Ane Lopezek zilarrezko domina irabazi zuen Senioren artean eta Naia Laso Promesako lehiakideen artean ere bigarren izan zen.

Alberto Talledo klubeko presidenteak oso positiboki baloratu ditu emaitzak: "Berangokoa nazioarteko lasterketa oso ospetsua da eta kanpoko hainbat kirolarik parte hartzen dute. Edizio honetan, esaterako, portugaldarrek irabazi zuten". 

Halaber, Talledok azpimarratu du parte hartze horren atzean egon dela kros denboraldiaren prestaketa: "Milia bat 1.600 metro inguru dira eta serieak egiteko ariketa gisa hartu genuen. Asteburu honetan Bilboko Milian gauza bera egingo dugu. Oraindik kros denboraldia hasi ez bada ere, emaitzek erakutsi digute gazteak sasoian daudela jadanik".

Kros denboraldiari dagokionez, Laudio Atletismo Klubak helburu argiak ditu: Espainiako Txapelketaren azken fasean talderen bat sartzea. Horretarako data dute dagoeneko; azaroaren 12 eta 13. Egun horietan Zornotzan erabakiko da nor sailkatuko den txapelketarako, eta laudioarrek espero dute kadete taldeak aurrera egitea gutxienez. "Oro har, denboraldia hasi baino lehen ez gara lehiaketetan aritzen, baina aurten estutu nahi dugu prestaketa, fin ibiltzeko eta xedeak lortzeko", argitu du Alberto Talledok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide