Mobilizatzen hasiko dira Laudioko Ferro Perfomance Pigments Spain S.L. enpresako (antzinako Nubiola) langileak, “enpresaren inmobilismoa salatu eta lan baldintzak hobetzeko”. Datorren astean hasiko dira. Elkarretaratzeak egingo dituzte urriaren 18 eta 20an 12:30etatik 14:00etara Enpresako sarreran. Azaroaren 3an, aldiz, 24 orduko paroa egingo dute.
Enpresa Batzordeak azaldu duenez, langileen asanbladan adostutako lau puntu bidali zizkioten zuzendaritzari uda aurretik, “negoziatu ahal izateko”.
Hauek dira lau puntu horiek:
- KPI-aren igoera bermatzea.
- 4. txandako langileen egoerari erantzuna ematea.
- Lanpostuen balorazioa.
- IT egoeran primak.
Baina, langileen ordezkariek salatu dutenez, oraindik ez dute erantzunik jaso. Euren ustez, “borondate falta” baino ez da zuzendaritzarena, enpresa “egoera ekonomiko onean” dagoelako. “Horregatik, irabazi horiek ere langileon artean banatzeko ordua dela uste dugu”.
