Cuerdas lanak eraman du Donostiako Zinemaldira Esti Urresola Solaguren film zuzendari eta gidoigilea (Laudio, 1984). Kristalezko sabaidun alfonbra gorriek sarien fokupean harrapatu dute: Goya sarietarako aurre-hautaketara heldu zen Polvo somos bere lana, eta Canneseko jaialdian saritu zuten Cuerdas film laburra.
Atera klaketa. Zein eszenatan dago zure bizitza?
Orain bi uren artean nabil: Cuerdas laburra aurkeztu genuen maiatzean, eta jaialdien ibilbidea hasi berri du. 20.000 especies de abejas datorren urtean estreinatuko dugu; grabaketa bukatuta muntaketa lanetan gaude.
Zer eragin edo ziztatu nahi du 20.000 especies de abejas lanak?
Generoak bakoitza nola zeharkatu duen azaldu nahi izan dut, eta horrek harremanetan duen eragina. Istorioan, Ane (hiru seme-alabaren 40 urteko ama) identitate krisian dago, eta amaren etxera bueltatzea erabakiko du. Bidaia edo egoera horretan, mutil gisa irakurria den alabak familiaren aurrean nor den azaltzeko pausoa emango du. Ez dira umeak genero aldaketa egiten dutenak, eraldaketa hori familiak edo inguruak egiten du. Ispiluen jokoa, edo harremanen elkar eragina adierazi nahi izan dut film luzean.
Donostiako Zinemaldian izan berri zara. Zer du berezia alfonbra gorriak?
Ikus-entzunezkoetan lehen pausoak zinemaldian eman nituen, eta oso hunkigarria zait festibalari miresmenez begiratzen zion gazte hura gaur Cuerdas lana aurkezten egotea. Zorte handia da nazioartean hain garrantzitsua den jaialdi bat Euskal Herrian izatea. Gure zinema industriarentzat oso onuragarria eta baliagarria da: topagunea da, eta mundu mailako profesionalak etortzen zaizkizu, atzerrira harremanak sortzera joan behar izan gabe.
Bestalde, Cuerdas aurkezten nabilenez, Euskal Herrian izanik, proiektuan parte hartu duten aktore eta agenteek etortzeko aukera izan dute. Canneseko jaialdira ere gonbidatu nuen Cuerdaseko abesbatza protagonista, eta autobusean etorri ziren. Zinema komunitarioa da nirea, istorioak haiei esker du egiazkotasuna, hori da konektatzeko bidea.
Canneseko jaialdian Rail's d'Or Saria eman dizute aurten Cuerdas lanagatik. Ez da zure lorpen esanguratsu bakarra.
Voces de papelek Kataluniako Urrezko Txapela jaso zuen, eta Nor nori nork lanak Sardiniako Babel Film hizkuntza gutxituen festibalean aipamena lortu zuen. Polvo Somosek ere poztasun handia eman dit: Goya sarietarako hautagaia izan zen (lau izendapenen aurrehautaketan egon ginen, hamabost onenen artean). Gero, Cuerdas etorri da, eta Cannesera joan gara. Zoragarria eta pentsaezina izan da.
Zeren haria izatea nahiko zenuke Cuerdas?
Bi faktorek eraman ninduten istorio hau kontatzera. Batetik, ekofeminismoarekiko interesak. Bestetik, herrian enpresa kutsatzaile handi bat izateak ehun sozialari nola eragiten dion kontatzea interesgarria iruditu zitzaidan. Bilboko jardunaldi ekofeminista batzuetan izan nuen Muskizeko errealitatearen berri. Entzule gisa, oso irudi potenteak esnatu ninduen: 60 urtetik gorako emakume asko zeuden foroan, tokian tokiko borroketan erreferenteak, eta aktiboak. Zer pentsatua eman zidan: pantaila handietan adin batetik aurrera beti emakumeak amona edo alzheimer zein ahultasun roletan ageri dira.
Emakumeen iruditegia sozialki eraldatzeko asmoa dago zure lan gehienetan.
Nire inguruko emakumeak ez dira pantailetan erretratatzen direnen isla, eta haien falta nabari dut. Ikus-entzunezkoek botere eraldatzaile handia daukate, eta nire lanek zentzu hori izatea nahiko nuke.
Euskara balio erantsia ala zailtasuna da nazioarteko zinema jaialditan lehiatzeko?
Banaketari dagokionez zailtasuna da, ekoiztetxeek bikoizketa eskatzen dutelako (eta horrek gastu gehigarria). Jaialdiei begira, ordea, balio erantsia eman diezaioke hizkuntza gutxitu batean egiteak. Loreak, Amama, Nora… Sail ofizialetan ere lan batzuk atera izan dira. Gutxika aurrera goaz.
Pantailen aroan gaude. Ekoizpen katea aldatu beharra eragin lezake horrek?
Zinemalditik harago, ikuslearen profila mugatua da: espero dut zinema aretoaren katebegia ez desagertzea. Gehienak emakumeak dira, eta 55-75 urte bitartekoak. Gazteria ez da ari zinemara joaten, eta hori da etorkizuna. Ni kezkatuta nago. Frantzian gazteek hileroko bonoa dute, eta zinemara joatea aisialdiaren parte da. Asteburuetan ez dute pelikularik programatzen telebistan, jendea aretoetara joateko... Espainiako ekoizpen eta politika sistemek berrikuspen integrala behar dute.
Emakume zuzendariak ez zarete asko. Kristalezko sabairik bada?
Ikus-entzunezko fakultateetan gehiengoa gara, baina zenbat emakume gaude zinema zuzendari lanetan edo galetako butaketan? Dena den, aitortu behar zaigu tokia hartzen ari garela eremu horietan ere; zuzendari berrien sailetan edo esperimentaletan emakume asko gaude… Baina zinemaldien sail ofizialetan? Industriaren mekanismo kontserbadorearen isla dira zinemaldietako sail nagusiak.
Beharrezkoa da lehen planotik orokorrera pasatzea, zoom in beharrean zoom out bat egitea: zenbat urterekin heltzen dira emakumeak lehen film luzeak egitera? Jaialdietako zein sailetan hartzen dute parte? Zenbat pelikula ekoizten dituzte orotara ibilbide profesionalean?
Aurrera begira, zuk zein proiektu dituzu esku artean?
20.000 especies de abejas. Ez dut makina baten gisa aritu nahi, gauzak ekoizteko beharrez, atsedena behar dut. Hunkigarritasun puntua berreskuratu nahi dut, istorio batek harrapatu eta horren atzetik ibili arte.