Jose Luis Navarro arduratu zen pregoia irakurtzeaz. Laudioko Kofradiako maiordomoak aldarrikatu zuen Laudio hainbat jatorritako bizilagunek osatzen dutela. Txani Rodriguez idazlea jarri du horren adibide moduan: "Nork esango zigun Euskadi Saria Laudioko andaluziar batek irabaziko zuela".
Ildo beretik, gaur egun herrira bizitzera datozenak izan zituen gogoan. "Lan bila datoz, beste hainbatek euren garaian egin bezala, eta eurekiko ulerkorrak izan beharko genuke".
Navarroren hitzartzearen ostean, Andaluziar Etxeko Jaleo dantza taldea igo zen oholtzara, emanaldia eskaintzeko. Bazkaria eta bingoa egon ziren jarraian.
Iluntzean, aldiz, Los Carcianos taldeak eskaini zuen kontzertua. Bizilagun ugari animatu ziren rumba eta sevillanak dantzatzera, andaluziar jantziak soinean.