Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Ferroko langileek, Aretako lantegiaren sarreran, 12:30etik 14:00etara. Mobilizazio zikloa abiatu dute horrela. Ostegunean berriz bilduko dira toki eta ordu berean. Azaroaren 3an, aldiz, greba egitea dute buruan, egoera bideratzen ez bada.
“Enpresaren inmobilismoa salatu eta lan baldintzak hobetzea” da mobilizazio zikloaren helburua, Enpresa Batzordearen arabera.
Langileen ordezkariek salatu dute uda baino lehen bidali ziotela zuzendaritzari langileen batzarrean adostutako lau puntuko dokumentua, negoziatu ahal izateko, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso. Nabarmendu dutenez, enpresa “egoera ekonomiko onean” dago. Horregatik, negoziatzeko “borondate falta” leporatu diete Ferroko buruei.