Arabako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen 3. poligonoko 225 lursaila lagatzea Laudioko Udalari 10 urtez. Tokiko erakundeak aukera izango du lagapen hori berritzeko, 10 urteko epeetan.
Zehazki, 1.723 metro koadroko azalera dauka eremuak eta San Roke adinekoen egoitzako kanpoko aldean dago lursaila. Udalak berak egin dio eskaera Foru erakundeari, egokitzat jo baitu espazioa aparkaleku publikoa egiteko.
Tokiko erakundeak jakinarazi du inguruko udal-eremuetako azalerak gehituko dizkiela eta, guztira, 2.330 metro koadroko eremua izango dela. "Eremu hori berrantolatuta, 80 aparkaleku baino gehiago sortuko dira Laudion", aipatu dute prentsa oharrean.
Laudioko Udalak 197.962 eurotan lizitatuko ditu obrak eta enpresak gehienez hiru hilabete izango ditu obrak gauzatzeko.
Lurzati horri Arabako Foru Aldundiaren Ondasunen eta Eskubideen Inbentarioan dago, jabari publikoko ondasun gisa.