"Laudion egiten ari garen bisitan ez gara inoiz arrotzak edo atzerritarrak sentitu"

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 21a, 17:30

Cristina, Kostas, Maria eta Aida. / Aiaraldea.eus

AIDA SKARZBALIENE (Lituania), MARIA GRASSO (Italia), KOSTAS KALLARAS eta MEGAROHIOTI CRISTINA (Grezia) Laudio Institutuaren eskutik etorri dira Aiaraldera, Erasmus+ programaren barruan. Eurekin batera hainbat irakasle ere hurbildu dira (Rita Barkauskiene, Asta Martinkiene, Monica Carta eta Tiziano Massaro) eta Faktorian izandako bisitan azaldu dute nolakoa izaten ari den euren esperientzia Euskal Herrian.

Euskal Herria bisitatzen ari zarete. Nolako esperientzia izaten ari da?

Aida: Lehenik eta behin, hemengo paisaia, Lituaniakoarekin alderatuta, oso ezberdina da. Gurea laua da, eta hau menditsua, haran askorekin. Hala ere, beti saiatzen ari gara bilatzen zer partekatzen dugun. Jendeari dagokionez, entzunda genuen hemengo jendea oso beroa dela eta, ondorioz, espero genuen onartuak izatea, baina uste baino hobeto hartu gaituzte. Zaintzen gaituzte eta denen ardura hartu dute.

Maria: Erabat ados nago. Ezagutzen genituen hemengo irakasleak eta oso atseginak dira. Hortaz, suposatzen genuen harrera beroa izango genuela. Dena den, oso harrituta nago herrialdearekin. Ez nekien ia ezer Euskal Herriari buruz, eta zorionekoa naizela uste dut, esperientzia honetan parte hartzeko aukera izan baitut. Proiektu honi esker aukera izan dut asko ikasteko eta herrialde polit hau ikusteko.

Ez nuen horrenbeste espero. Dena da polita, berdea edonon. Bilbo izugarria da, baita Laudio ere. Jendea bikaina da, ongi etorri oso beroa izan dugu eta esperientzia oso atsegina ari da izaten.

Kostas: Egia esanda, oso gutxi nekien Euskal Herriari buruz, eta gure Erasmus+ programako euskal kideengatik izan zen. Horrek motibazioa eman dit etortzeko. Hemengo jendea Greziakoa bezalakoa da, oso beroa. Horrek sentiarazi gaitu europarrak.

"Harrera oso beroa izan dugu, ikasleak etxean egongo balira bezala sentitzen dira"

Cristina: Erabat ados nago nire kideek esandakoarekin. Etorri baino lehen, ez nekien zer espero, ezagutu nituen Leire eta Udiarraga Laudioko irakasleak, baina ez nekien ezer euskarari edo Euskal Herriari buruz. Hortaz, esperientzia ikaragarria izaten ari da. Gu bezalakoak dira, nahiz eta oso ezberdinak izan. Misterioa zen dena niretzat, baina esperientzia oso polita bilakatzen ari da.

Zerbaitek ezustean harrapatu zaituzte bereziki?

Aida: Ematen dugun urrats bakoitzak zerbait berria uzten digu. Ez bakarrik proiektuari dagokionez. Adibide bat da kafea. Guztiok hartzen dugu kafea, baina toki bakoitzean mota ezberdinekoa da, tamaina aldatzen da...

Ekintza pilo izan ditugu, batzuk praktikoak, besteak teorikoak, eta ikasleak inplikatu ditugu. Añanara joan ginenean, adibidez, harritu ginen, oinetakoak kendu eta ortozik aritu ginelako, baina hezkuntza jarduera bikaina izan zen. Prestatu diguten egitaraua oso ona izaten ari da.

Maria: Dena da berria eta egitaraua oso ondo antolatuta dago.

Kostas: Esperientzia berri gehiegi izan ditut. Ez bakarrik Erasmus+ programara lotuta. Interesgarria iruditu zaizkit gauza ugari. Adibidez, Bilboko kultura. Iraungo duen esperientzia izaten ari da.

Cristina: Nik ez nuen espero hain eguraldi beroa (barreak). Badirudi uda dela! Grezian ez dugu eguraldi hau garai honetan. Ezuste atsegina izan da, jarduerak egiteko lagungarria baita.

Horrez gain, espero nuen lagunak egitea eta hala izan da. Gainera, oso toki segurua da, ez naiz inoiz arrotza sentitu, edo atzerritarra. Oso erraza da kaletik ibiltzea, oso eroso sentitzen naiz hemen. Ez dut inoiz beldurrik izan eta hori oso garrantzitsua da bisitariontzat.

Eta Erasmus+ proiektuari berari erreparatuta, zer iruditu zaizue hemengo egitasmoa?

Maria: Gure proiektuak jasangarritasunari buruzkoak dira eta iruditu zait Euskal Herrian sentsibilitatea garatu duzuela esparru honetan eta arreta jartzen diozuela. Ziurrenik, guk baino gehiago.

Añanako gatz haranan egindako bisita oso interesgarria izan zen, oso naturala baita. Egin dute ahalegina antzinako eredu jasangarri hori berreskuratzeko, eta oso garrantzitsua da.

Oro har, proiektuaren bidez eta egiten ari garen bisiten bidez, Faktorian ere, ikasleak kontziente dira aukera dagoela gauzak egiteko modu jasangarrian. Irakaspen handia da.

Kostas: Nik ez nekien Euskal Herriak sekulako arazoak izan zituenik kutsadurarekin azken hamarkadetan. Horregatik, interesgarria iruditu zait orekaren bilaketa, hazkundearen eta jasangarritasunaren artean. Euskaldunak ari dira etorkizunera eta iraganera begira arazoei konponbidea bilatzeko. Faktorian bertan ulertu dut giza aldagaia garrantzitsuena dela.

Cristina: Uste dut Euskal Herria toki aproposa dela ikasleek ikus dezaten gizakiek lan egin dezaketela naturarekin, ingurumena errespetatzen. Errespetua izan da gatz haranean zein beste bisitetan azpimarratu duguna. Naturari itzultzea hartzen duguna.

"Ezustean harrapatu gaitu hemen egiten duen beroak!"

Zeintzuk dira zuen herrialdetan dituzuen erronka nagusiak, jasangarritasunari dagokionez?

Aida: Orain jendeak asko hitz egiten du energiari buruz. Saiatzen ari gara energia gutxiago kontsumitzen. Pena bat da, baina Lituanian hori sortu da prezioengatik. Ez da bidezkoa naturarentzat.

Maria: Italian ere, horri aurre egiten saiatzen ari gara orain. Europa osoan, esango nuke, egoera politikoaren eta gerraren ondorioz. Arazo handia da eta saiakera da karbonoaren, gasaren edota elektrizitatearen kontsumoa murriztea. Agian aukera bat da modu jasangarriagoan bizitzeko, gure beharrei dagokienez.

"Gure herrialdeetan pil-pilean dago energiaren eztabaida, egoera politikoaren, gerraren eta prezioen gorakadaren ondorioz"

Kostas: Ados nago, krisialdi honek behartzen gaitu beste bide bat topatzen, baina oraindik ez dakigu zein den egokiena.

Uste dut onena guztiontzat dela hausnartzea egunero egiten ditugun gauza guztien inguruan. Zer jaten dugun, zertan gastatzen dugun dirua... gure ohiturak.

Cristina: Hori da zailena eta funtsezkoena, eragin handiena baitauka guztion kontzientzian. Garrantzitsuena da, baina ez dut uste Greziako gobernuarentzat lehentasuna denik. Eurak ari dira energia berriztagarriei begira. Ados nago horrekin, baina benetako iraultza etorriko da herritarren aldetik, guztiok aldatzen dugunean. Hala ere, uste dut oraindik oso urrun gaudela horretatik.

Zer esaten ari dira zuen ikasleak bisitari buruz?

Aida: Gure ikasleak erabat txundituta daude. Familia ezberdinen etxeetan geratzen ari direnez, aukera daukate gehiago ikasteko harremanen eta familia bizitzaren inguruan. Iraungo duten adiskidetasunak nahi ditugu eta horrek motibatzen gaitu. Aukera da bestelako kulturen, ohituren eta gizarteen jakintza izateko.

Maria: Une oro gozatzen ari dira eta oso familia atseginekin geratzen dira. Etxean egongo balira bezala sentitzen dira. Hori oso garrantzitsua da, ikasle oso gazteak baitira. Oso positiboa da nola familiek onartu dituzten euren etxeetan. Gozatzen ari dira une oro, tokiak eta jarduerak. Zintzoa izateko, aitortu behar dut batzuek ez dutela gogoko janaria, baina naturala da, hamahiru urte baino ez dituzte eta. Baina hori ez dago txarto, herri bakoitzak ohitura ezberdinak ditu eta eurak oso pozik daude.

Kostas: Oso ondo hitz egiten ari dira izandako harrerari buruz. Oso beroa izan da. Aipatzen ari dira esperientzia hau bestelako herrialdeak ezagutzeko aukera dela eta europar hiritartasuna indartzeko balio duela.

Cristina: Oso pozik daude, ezin dute sinetsi zenbat ari diren jasotzen. Ezin dugu gehiago jan! Dena da berria eta lagun pilo egiten ari dira. Bizi osorako esperientzia izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide