Bi herrialdetako erroak dituzu.
Polonian jaio nintzen, baina bi urte nituela Italiako hegoaldera joan ginen bizitzera, Calabriara. ‘Bota’ren puntan dago, Siziliatik gertu. Gurasoak poloniarrak badira ere, ni bertan bizi izan naiz ia bizitza osoan. Italiarra naiz. Hala ere, harremana daukat Poloniako kulturarekin, gurasoek transmititu didatelako, batik bat, hizkuntza.
Etxean poloniera ikasi nuen; eskolan, ordea, italiera. Poloniera ez dut gurasoek bezain ondo hitz egiten, menperatzen badut ere. Hizkuntza zaila denez, gramatika konplexua da klasean ikasten ez baduzu.
Euskaraz hitz egiten duzu?
Ez, lau hizkuntzatan egiten dut berba, gaztelaniaz, italieraz, ingelesez eta polonieraz. Momentuz nahikoa izan dut. Euskara ikasi nahiko nuke, elkarrizketak ulertzeko. Bartzelonan bizi nintzenean katalanera ulertzen nuen, Italiako hegoaldeko dialektoaren antzekoa baita. Hemen, aldiz, ez dut ezer ulertzen.
Nola iritsi zinen Aiaraldeara?
Hemeretzi edo hogei urte nituenean, Norvegiara joan nintzen, aita bertan bizi zelako. Bost urte eman nituen Oslon lanean, eta bertan ezagutu nuen Zaloa, nire emaztea, ostalaritza ikastaro batean. Bera hiru urtez bizi izan zen Norvegian. Luxuzko lokaletan lan egin ondoren, lekuz aldatzea erabaki nuen. Norvegia munduko lekurik zoriontsuena omen da, baina negua luzea da eta argi ordu gutxikoa. Udan, berriz, egunak ez dira inoiz amaitzen. Arazoa da 8 hilabete irauten duela neguak, zerotik azpiko tenperaturetan, gainera.
Hortik Aiaraldeara etorri zineten zuzenean?
Ez. Gaztelania ikasten nengoen une horretan, Zaloaren laguntzaz, baina ez neukan argi nora joan. Orduan topatu nuen Basque Culinary Centerreko formakuntza bat, koktelgintzari aplikatutako sukaldaritza-teknikei buruzkoa. Bertan ikastea ihesbidea izan zen, lekuz aldatzeko eta bertoko gastronomian murgiltzeko. Horren ostean, lan praktikak egin nituen Bartzelonan eta Donostiara itzuli nintzen, Pedro Subijanaren hiru Michelin izarreko Akelarre jatetxera.
Zein da Laudioren eta Donostia ren arteko aldea?
Donostia erakargarria da, baina zeozer falta zaio. Kontxa hondartza, esaterako, txundigarria iruditzen zait, ur kristalinoetara ohituta nagoen arren. Laudiora COVIDaren ondorioz etorri nintzen, konfinamenduaren aurreko egunean, hain zuzen; bertan lan egiten nuen negozioak itxi zuelako eta Zaloa hemengoa delako. Horrez gain, Laudiok nire herria gogorarazten dit eta jendea hurbilagoa da.
Hemen ikusten duzu zeure burua?
Asko ikasi dut, hasieran espero ez banuen ere. Aurreko bezeroekin nuen tratua oso desberdina zen; hemen askoz hurbilagoa da eta gustuko dut. Espero ez nituen lagun asko egin ditut eta inoiz imajinatuko ez nituzkeen lanak burutu ditut, pintxopote batean aritzea, adibidez. Oso aberasgarria da. Orain Alacantetik itzuli naiz, bertako jatetxe bat kudeatzen ari baikara eta proiektu berrietan gaude lanean hemen, oraingoz isilpekoak direnak.