"Iaz izena eman genuen txirrindularitzan eta orduan ez genuen espero hain postu altuetara helduko ginenik"

Allende Solaun Boada 2022ko urr. 27a, 10:51

Laudioar Txirrindulari Elkarteko kideak. / Aiaraldea.eus

Laudioar Txirrindularitza Elkarteko kideak dira MIRARI GOTXI OLARTEKOA (2008), LAIA SAGARDUY ERCILLA (2010) eta AITANA ALONSO FERNANDEZ DE ZUAZO (2008). Aurtengo denboraldian izandako emaitza bikainen inguruan mintzatu dira Aiaraldea Komunikabidearekin. Arabako haur-kategoriako lehen eta hirugarren postuetan sailkatu dira Gotxi eta Alonso. Sagarduy, bestalde, Kimuen kategorian gailendu da Araban.

Zorionak lortutako garaipenengatik. Zer nolako balorazioa egiten duzue? Pozik zaudete eskuratutako emaitzekin?

Aitana: Nik ondo hasi nuen denboraldia, baina ez da hain ondo bukatu. Mirarik eta biok Euskadiko eta Espainiako txapelketetan parte hartu genuen eta oso ondo pasatu genuen. Emaitzak onak izan ziren. Euskadiko Txapelketan 24. edo 25. postuan sailkatu nintzen. Denboraldi amaieran, emaitzak pixka bat kili-kolo joan dira azkenean, baina pozik nago.

Mirari: Arabako txapelduna izan naiz eta, nire ustez, denboraldia ondo joan da. Euskadiko Txapelketan errepidea, ginkana eta BTT kategorietan irabazi dut. Horren ostean, Espainiako Txapelketan lehiatu ginen eta 14. postua lortu nuen. 

Laia: Ni ere Arabako txapelduna izan naiz. Denboraldi honetan saiatu naiz lehen, bigarren edo hirugarren postuetan gelditzea. Batean izan ezik, proba guztietan lortu dut. Oso ondo pasatu dut.

Laia, zuk ere parte hartu duzu Euskadiko Txapelketan?

Laia: Ez, hurrengo urtean joango naiz, aurten kimuen kategorian aritu naizelako.

Zuen lehenengo aldia izan da Euskadiko eta Espainiako Estatuko txapelketetan?

Aitana: Bai, lehenengo aldia izan da, pasa den urtean ez zelako ezer egin pandemiagatik.

Espero zenuten mailara horretara heltzea?

Mirari: Ez, egia esan. Iaz apuntatu ginen txirrindularitzara eta orduan ez genuen espero hain postu altuetara heltzea.

Zelan moldatzen zarete ikasketak, bizitza soziala eta txirrindularitza uztartzeko?

Aitana: Hasieran pixka bat zaila izan zen. Txirrindularitzan entrenamendu asko egin behar dira. Antolatzen bazara, ondo eraman daiteke.

Mirari: Entrenamendua baino lehenago eta horren ostean ikasi eta etxerako lanak egiten ditugu. Horrela, hobeto eraman daitezke ikasketak.

Laia: Nik ondo eramaten dut. Entrenatzera joaten naizenean, ez dut ikasten egun horretan. Hurrengo egunean, ordea, ikasten dut eta konpentsatzen dut.

Txirrindularitza banakako kirola dela esan daiteke, bakoitzak bere ibilbidea egiten duelako. Hala ere, taldekideak zarete. Talde bat izateak laguntzen du?

Aitana: Aitortu behar dut batzuetan Mirarirekin amorratzen naizela, beti irabazten nauelako. Batzuetan haserretzen bagara ere, oso ondo moldatzen gara. Eta bai, Euskadiko zein Espainiako txapelketetan asko lagundu diogu elkarri.

Mirari: Bizkaian korritu genuen lasterketa baten helmugan, pikea izan nuen txirrindulari batekin. Izorratu ninduen apur bat, baina gero Espainiako Txapelketan kointziditu dugu, entrenamenduetan elkarrekin egon gara eta orain ondo eramaten gara.

Laia: Nire kasuan, ez dago nire adineko beste neskarik gure taldean, baina lasterketa batzuetan taldea egiteko eskatzen diet mutilei. Hanka egiten dugu eta irabazten saiatzen gara. 

Datorren denboraldiari begira, maila berean jarraituko duzue?

Aitana: Ez, gu kadetera pasako gara, pixka bat zailagoa izango da. Ni pertsonalki disfrutatzera eta ondo pasatzera joango naiz. Ez diot nire buruari metarik jartzen. Amaitzea da helmuga.

Mirari: Niri gehien inporta zaidana da beste jendearekin ondo moldatzea eta disfrutatzea. Lasterketak bukatu ahal baditut, primeran. Ea lorpenik izaten dugun taldearentzat! Datorren urtean federatuak izango gara eta lasterketak Espainia osoan izan ahal dira. Jende gehiagorekin lehiatzen zara eta ibilbideak luzeagoak dira.

Horrek motibatzen zaituzte edo beldurra ematen dizue?

Aitana: Bai, niri asko gustatuko zait, taldekideekin bidaiatuko dugulako. Orain arte, oso ondo pasatu dugu bidaiatzen eta hoteletan ostatu hartzen. Esperientzia polita izango dela uste dut.

Mirari: Guztiok batera gozatuko dugula eta lagun berriak egingo ditugula uste dut.

Zu zein mailara igaroko zara, Laia?

Laia: Ni haur-kategoriara pasako naiz. Pixka bat kostatuko zaidala uste dut, ez direlako 6 buelta izango, baizik eta 12, adibide bat jartzearren.

Orokorrean, lasterketak gogorrak egiten zaizkizue edo prestatuta sentitzen zarete? 

Aitana: Lehen aldietan gogorrak ziren, entrenamendu faltagatik. Orain, ordea, ondo moldatzen gara.

Zergatik animatu zineten txirrindularitzan hastera?

Mirari: Nire familian txirrindulariak izan dira eta beste kirol bat frogatu nahi nuenez, txirrindularitza hautatu nuen. Oso pozik nago.

Aitana: Nire kasuan ere familian beti egon dira txirrindulariak. Nire aita eta osaba txirrindulan ibiltzen ziren eta behin, familiako bazkari batean, proposamen hau atera zen eta aurrera egin nuen.

Laia: Nire familian ez da inoiz txirrindularirik egon, baina osabak bizikletan ibiltzen ikusi ninduen eta ona izango nintzela esan zidan. Laudioko eskolara apuntatzera animatu ninduten. 

Oro har, gero eta neska gehiago aritzen dira eskola-kirolean. Txirrindularitzaren kasua da?

Aitana: Neska gutxi daude, batez ere, eskolan. Kadeteen kategorian, oso talde gutxi daude neskentzat.

Mirari: Gure kategorian, hiru neska baino ez gaude taldean eta nesken bi talde desagertu egin dira; beraz, gutxiago izango gara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide