"Oroitzapenak izan dira lanaren gauzarik ederrena, zalantzarik gabe, eta horrekin geratzen gara"

Allende Solaun Boada 2022ko urr. 27a, 20:09
Patxi eta Bego Rivera Martinez, Ugarteko kioskoaren aurrean. / Aiaraldea.eus

Bizitza osoa darama BEGOÑA RIVERA MARTINEZEK Ugarteko kioskoko leihatilaren atzean. Urriaren 30ean ateak itxiko ditu, eta lau horma horien artean familiak igarotako 55 urte inguruko ibilbide luzearen inguruan mintzatu gara berarekin eta bere neba den Patxirekin.

Hiru belaunaldi igaro zarete kiosko honetatik, lehenengo arduraduna zuen amama izanik, duela 55 urte inguru.

Bego: Bai, hori da, gure amonatxoa. Dena hasi zen nire ama alargun geratu zelako. Hiru seme-alaba zituen eta hipoteka ordaintzeke. Egoera horretan, amama gu laguntzera etorri zen herritik, Almeriatik. Aukera bakarra zen. Hori, edo guztiok herrira itzultzea, amak nahi ez zuena. Hemen hezi nahi gintuen, Euskadin. Bere seme-alabek ikasketak eta heziketa ona izatea zen bere desio bakarra. Ama izaera handikoa izan da beti, beti aurrera egiteko modukoa.

Patxi: Garai hartan, gainera, gure amari Envasesen lan egitea eskaini zioten. Bertan hasi zenean, bi lekutan ezin zela egon konturatu zen. Edozein alaba bezala, nori eskatu zion laguntza? Amari, jakina. Kasu honetan, gure amonari.

Nola aldatu da kioskoa hamarkada hauetan?

Bego: Mahaitxo batean hasi ziren, gozokiak saltzen zituzten bertan. Kanpin-mahai baten antzekoa zen, bi asto eta hainbat konpartimentu zituena. Dirua eskuratzeko modu bat izan zen. Amak noraezean ikusten zuenean bere burua. Hiru haur txikiekin eta hipoteka batekin... Gainera, oso denbora gutxi zeraman hemen. Bi aukera zeuden, herrira itzuli edo Ugarten geratu.

Zorionez, aurrera egin zuten, lan handiarekin, hori bai. Ama Envasesen hartu zutenean, eskeletikoa zegoen; oso argal geratu zen. Azkenean, pixkanaka-pixkanaka, kontuak ordaindu eta heziketa ona eman zigun. Horregatik borrokatzen zuen gehien. Gero, hainbat arrazoi zirela eta -kale gorrian egotea, beroa, hotza, etab.-,  kiosko bat eskatu genuen. Orduan hasi ginen aldizkariak eskatzen. Argitalpenak zintzilikatzeko, sokak jartzen genituen, izarak balira bezala. Jostailuak ere saltzen genituen.

Patxi: Hala ere, ez zen orain bezala. Lehen geu joan behar ginen aldizkarien bila.

Bego: Banaketa-enpresetara joan behar zenuen. Eta itzulketetarako, gauza bera.

Noiz aldatu zen kioskoetan lan egiteko modua? Nolako izan zen aldaketa?

Patxi: Duela 50 urtez hitz egiten ari gara; hortaz, 1972an izango zen gutxi gorabehera.

Bego: Dena aldatu da. Garai batean negozioak familiakoak ziren. Familiari laguntzen genion. Negozio bat sortzen zenuen eta familia osoa sartzen zen horretan. Denen arteko konplizitatea zen, eta dirua probetxuz eskuratzeko modu bat. Zer gertatzen da orain? Dena legeztatu behar dela. Langile guztiei segurtasuna eman behar zaienez, ez da gauza bera. Horregatik familiako negozioak ez dira lehengoak.

Zailtasunik izan zenuten gaur egungo kioskoaren egitura eraikitzeko?

Bego: Ez, alkateetako batek ere ez du oztoporik jarri. Lehena uste dut Pablo Gorostiaga izan zela, paperetan sinatuta datorrenez, eta gainerakoekin ere ez dugu inoiz arazorik izan. Ez digute inolako trabarik jarri. Baldintza batzuk jarri dizkigute; hori da logikoena. Oro har, lagundu egin dute. Auzoko jaietan txosna jartzeko ere eman digute baimena behin baino gehiagotan. Hemendik aurrera ez dakit nolakoa izango den. Aurten txosna jarri nahi genuen jaietan, modu onean amaitzeko, agur moduko bat izateko; Jai Batzordeak esan zigunez, baina, ez zen bideragarria. Orokorrean, eta zorionez, ez dugu arazorik izan.

Zuen kasuan, zenbat urtez aritu zarete lan honetan?

Bego: Nire kasuan, bizitza osoa, 19 urte nituenetik. Anaiak lagundu egin digu ibilbide horretan.

Itxiera data hurbiltzen ari da. Zer sentitzen duzue etapa honi amaiera ematean?

Bego: Poza eta tristura. Baldin badakit negozio honek bere horretan jarraituko duela, hau da, beste norbaitek hartuko duela eta berdin mantenduko dela, gustura eta lasai sentituko naiz. Itxita ikusiko banu, min handia emango lidake.

Patxi: Itxita egoteak izorratu egingo gintuzke, egia san. Ahal den neurrian errentagarritasuna atera daitekeelako. Kasu honetan, bi pertsonak edo familia batek kudeatzen badu, bideragarria iruditzen zaigu. Min handia emango liguke galduko balitz. Ez dakigu kudeatzeko beldurrik dagoen, negozio honetan goizez, arratsaldez eta gauez egon behar duzulako, 6:30etik 22:00etara. Dena dela, ez dakigu zer nolako planteamendua duen egungo interesdunak.

Eta auzokoentzat, ez da soilik negozio bat. Plazari bizitasun handia ematen dion espazioa da.

Bego: Gune soziala da, zentro sozial bat bezalakoa. Jendea sozializatzera dator. Adiskidetasunak sortzen dira. Mila istorio daude kontatzeko. Bizitza osoa igaro dugu hemen. Orain gurasoak diren neska-mutilak mukiak zintzilik ikusi ditugu, umeak zirenean. Polita izan da, maitagarria. Oroitzapenak izan dira lanaren gauzarik ederrena, zalantzarik gabe, eta horrekin geratzen zara.

Patxi: Betiko negozioa da. "Zer gertatuko da? Orain gozokiak, poltsak edo zigarro pakete bat 21:00etan erosi nahi baditut, nora joango naiz?". Auzoan egiten didaten iruzkinak horiek dira. Hala ere, ezin dugu ahaztu auzoan ere badela Krispetak gozokidenda.

Bego: Oso gogorra izan da, bai. Orduak sartu ditugu, hori baitzen modu bideragarri bakarra nolabait negozioa errentagarri bihurtzeko. Prestasun osoa izatea izan da gakoa.

Azken urte hauetan, nola aldatu da plaza? Jarduera gehiago edo gutxiago dago?

Bego: Nik ikusten dut jende asko etortzen dela sozializatzera, obrak egin zirenean plaza oso ondo utzi zutelako. Seme-alabek ondo pasa dezaten etortzen dira gurasoak, haiek kafe bat hartzen duten bitartean. Kulturari dagokionez, agian gutxiago inplikatzen dira. Kirolean, ordea, ez da horrela. Ematen du denek nahi dutela orain beren seme-alabak futbolariak edo kirolariak izatea.

Jaiak ere funtsezkoak izan dira kioskoarentzat, eta asko aldatu dira.

Bego: Bai, asko aldatu dira. Astakeria izan da. Lehen auzo osoan zegoen jai giroa; orain, plazan biltzen da. Auzo osoko ibilaldia zen. Beste muturrerantz gindoazen, han taberna bat zegoelako. Orain lau taberna baino ez daude, lehen hamaika zeuden. Hori dela eta, hemen kontzentratzen da jaia.

Urte asko igaro dira eta, gizarteaz gain, prentsa ere aldatu egin da. Nola egokitu zarete?

Bego: Egokitu gara, baina nekez. Orain dena digitala da. Ohikoan jende nagusia etortzen da erostera, gazteak ez dira etortzen. Gazteek sakelakoa hartzen dute. Betiko jendearekin funtzionatzen jarraitzen dugu eta eskerrak eman behar ditugu jendeak egunkaria erosten jarraitzen duelako. Batzuek bizitza osoa daramate egunkaria erosten, egunkaria ireki zuenetik. Hala ere, Ugarten ekitaldi asko daude eta horrela laguntzen du. Zorionez, Ugarte jarduera ugariko auzoa da. Udan futbola dugu, urtean zehar krosa eta ziklo-krosa bezalako ekitaldiak… Gainera, sozializatzeko zoragarria den plaza hau daukagu. 

Produktua dibertsifikatu zenuten. Jendeak aldizkari espezializatuak eskatzen ditu?

Bego: Hainbeste produktu dagoenez, bai. Arrantza maite duenak hori eskatuko du. Ehiza, ordenagailuak, sakelakoak… Gai askotariko aldizkariak ditugu. Denetarik dago. Oraindik ere aldizkari porno bat dago. Dakienak aldizkari espezializatuei buruz galdetzen du. Kasu honetan, Googlek mota horretako aldizkariak ezagutarazten ditu, baina Interneten daudenez, asko online irakurtzen dituzte.

Garaiak aldatu dira, ez bakarrik digitalizazioaren ondorioz. Nola eragin dizue pandemiak?

Bego: Izugarri. Auzoko bakardadea, tristura, beldurra… Oso gogorra izan da. Ekonomikoki agian ez hainbeste, kioskoa ireki ahal izan genuelako. Garai horretan, izugarri saldu zen. Jendeak entretenitzeko moduak bilatzen zituen; liburuak, aldizkariak edo mandalak margotzeko koadernoak, esaterako.

Jendeak bere kezkak partekatzen zituela imajinatzen dut.

Bego: Bai, mila istorio daude kontatzeko. Beren kezkak eta beldurrak kontatzen zizkiguten. Istorio puntualak dira, baina hamaika dira. Haur batzuek, adibidez, ez diete gurasoei ezer kontatzen, eta hona etortzen dira hitz egiteko. Gazteek nire anaia maite dute, futbolean eta gazte-jardueretan asko inplikatu delako. Azkenean, gizarte-lana egiten dugu.

Negozio honek aurrera jarraitzea gustatuko litzaizueke. Proposamenik jaso al duzue?

Bego: Bai, printzipioz jarraituko du. Jarraituko duela ematen du, interesa duen pertsona bat dagoelako. Arazorik ez badago, eskualdatze hori emango da.

Kioskoak desagertzeko beldurra izan al duzue inoiz?

Bego: Ez, agian ez delako orain bezain nabarmena izan. Fakturazioan ikusi dugu ez dela lehengoa saltzen. Lehen, Vogue, Elle eta Marie Claireren aleak kaleratzen nituenean, dena saltzen nuen. Emakumeek asko erosten zuten. Ale gehiago hartzera jaitsi edo banatzaileei deitu behar nien. Lehen dena saltzen zen, sinesgaitzena ere bai. Hala ere, uste dugu paperak funtzionatzen duela, jendeari gustatzen zaiola. Ni irakurzale amorratua naiz eta papera maite dut, eta ez kioskoan lan egiten dudalako. Uste dut beti egongo dela alde bat desagertuko ez dena. Papera gogoko dugu oraindik. Nire zorionik handiena igande goizean kafea hartu eta egunkaria irakurtzea da.

Aipatu duzunez, oroitzapenak dira inoiz desagertuko ez direnak. Baten bat etortzen zaizu burura?

Bego: Bai, aspaldiko istorio bat. Soldaduskatik larri etorritako emakume baten semea gogoratzen dut. Nitaz galdetzen zuen semeak, "kioskoko Begoz", alegia. Laguntzeko modu bat berarekin egotea zen. Kioskoaren parean bizi eta etxez aldatu ziren senar-emazte batzuen istorio bat ere datorkit burura. Alaba bat zuten, 8 edo 9 urtekoa. Haurtzaro osoa eman zuen hemen eta plazan lagunak zituen. Berriro ikusi nituenean, neskatoak kioskoaz gogoratu besterik ez zuela egiten esan zidaten gurasoek. "Non dago kioskoa? Ez dago Patxi, ez dago Bego", esaten omen zuen. Oso bitxia iruditu zitzaidan, atzean utzi zituen lagunez oroitu zitekeelako. Istorio politak daude.

Mezu bat bidali nahi diezue auzokideei?

Bego: Bai, nik pertsonalki auzoko, hau da, Ugarteko, jende guztiari eskerrak eman nahi dizkiot.

Patxi: Eta Okondoko bizilagunei!

Bego: Bai, Okondoko bizilagunei ere bai. Hemendik pasa diren herritar guztiei. Mundu guztiari. Eskerrik asko. Haiei esker gaude hemen. Nire amak aurrera egin zuen lagundu zuen jendeari esker. Uneekin eta istorioekin geratuko gara, asko dira eta. Auzoan asko inplikatu gara, eta hori balioztatu egin dute.

Patxi: Bai, ni futbitoan asko inplikatu naiz eta orain, adibidez, San Silbestre baten antolaketan. Auzoa bizirik egotea gustatzen zait.

Bego: Nire ustez, kioskoa hartuko dutenek azkar ikusiko dute Ugarteko jendea atsegina dela eta aukera asko daudela. Gure etapa amaitu da, baina orain berria izango dugu, belaunaldi berri batekin eta ideia berriekin. Une honetan nahi dugun bakarra Aiarako herritar guztiei, eta bereziki Ugartekoei, eskerrak ematea da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide