Herriaren Pilotazale Klubak jarduera benetan bizia abiatuko du gaur. Izan ere, Herriaren XXVI. Txapelketa eta Euskal Herriko Elite 4 eta 1/2a Txapelketa hasiko dira gaur arratsaldean Aretako frontoian.
Horrela, Igoa eta Iribarren pilotariek eta Uribe-Irazustabarrena eta Arteaga-Erasun bikoteek neurtuko dituzte indarrak gaur 19:15ean. Hain zuzen, Arteaga eta Erasun pilota profesionalean aritukoak dira eta, eurak ez ezik, Mendizabal, Garmendia eta Urruzola ere igaroko dira Aretako kantxatik, Herriaren Txapelketari esker.
Pilota elkarteak azaldu duenez, hori da Goinerbioian jokatzen den lehiaketa garrantzitsuena eta profesional askok parte hartu dute bertan. Urtarrilaren 27ra arte iraungo du.
Horrez gain, Euskal Herriko Elite kategoriako 4 eta 1/2a Txapelketa ere jokoan egongo da eta abenduaren 2an izango dute finala. Horretan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako pilotariak lehiatuko dira, baita beste lau gonbidatu ere, maila bikaina erakutsi dutelako aurretik.