Zaintza ereduak eta pertsona nagusien arreta zerbitzuak eraldatzeko beharra azpimarratu zuen EH Bilduk Laudion

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urr. 28a, 12:01

Kultur Etxean aurkeztu zuen EH Bilduk 'Bizi On' plan estrategikoa. / Aiaraldea.eus

Zaintzen egoera aztertu zuen EH Bilduk iragan asteartean Laudioko Kultur Etxean egindako hitzaldian. Eskualdeko pertsona nagusien erradiografia aurkeztu zuten. Bertan, Bizi On plan estrategikoa aletu zuten ere, "zaintza eredua eraldatzeko bide-orria".

Zaintzen egoera eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen errealitatea aztertu zituen EH Bilduk iragan urriaren 25ean Laudioko Kultur Etxean egindako aurkezpenean. Bertan parte hartu zuten Eva Lopez de Arroyabe, Caludia Venceslao eta Alberto Porras EH Bildu Arabako kideek. Eskualdeko adinekoen-arreta zerbitzuak aztertu eta eta zaintzen eredua eraldatzeko proposamenak mahaigaineratu zituzten.

"Zaintza lanek guztiok interpelatu behar gaituzte. Oinarri sendoa jarri behar diogu pertsona nagusien arretari"

"Urteak daramazkigu egungo zaintza eredu bidegabe eta prekarioa salatzen", azaldu zuen Claudia Venceslaok, EH Bilduko batzarkidea eta langile soziala. COVID-19aren pandemiak errealitate hori are gehiago okertu duela nabarmendu zuen Venceslaok Laudioko aurkezpenean: "Egunero jasotzen genituen erresidentzietan senideren bat zuten familien dei desesperatuak jasotzen genituen ia egunero. Oso gaizki kudeatu zen egoera".

Horren aurrean, zaintzen eredua eraldatzeko beharra ikusi du koalizio abertzaleak, eta horretarako "zaintza publiko-komunitarioko euskal sistema baterantz joatzea" ezinbestekoa dela azpimarratu zuten.

Arreta zerbitzuak Aiaraldean

Aiaraldean 8.000 lagunetik gora dituzte 65 urte baino gehiago, eta horietatik 800 pertsona daude, Laudio eta Amurrio artean, mendetasun-egoeran; 533 Laudion eta 279 Amurrion, EH Bilduk asteartean aurkeztutako datuen arabera. Arreta-zerbitzu publikoak, ordea, askoz urriagoak dira. Hauek zerrendatu zituzten Aiarako Kuadrilla osatzen duten udalerrien barruan:

  • 2 erresidentzia foral Amurrion eta Laudion: 89 plaza
  • Eguneko arreta Amurrioko erresidentzian: 4 plaza
  • Eguneko zentro bat Laudion: 30 plaza
  • Etxebizitza komunitario bat Amurrion: 8 plaza
  • Eguneko Arretarako landa Zentroak Amurrion, Laudion eta Artziniegan: 35 plaza

"Laudion bakarrik 12 pertsona daude erresidentzia publikoan plaza bat lortzeko itxaron zerrendan, Araba mailan 172 lagun dira plazaren zain daudenak", azaldu zuen Venceslaok. Egindako estimazioen arabera, Araban 1.000 plazako eskasia dago behar duten pertsona nagusiei beharrezko arreta eskaini ahal izateko.

"EAJk pribatizazioaren bidea hartu eta Arabako arreta zerbitzuak desegin ditu", salatu zuten EH Bilduko kideek. Datuak ere plazaratu zituzten: 2019an pertsona nagusien arretarako plazen %44 publikoak ziren, iaz %14 bakarrik. "Horri guztiari gehitu behar zaio erresidentzia publikoetan nagusi den prekarizazioa. Postu asko bete gabe geratzen dira, eta langileek txandak bikoiztu behar dituzte askotan", azpimarratu zuen Venceslaok. "Asko hitz egiten da Madrilgo arreta zerbitzuetan aplikatutako politikez, baina Araban aplikatutakoak ez dira oso desberdinak".

Eredu aldaketa

Zaintzen eredua aldatzeko beharra identifikatu eta hori gauzatzeko plan estrategikoa aurkeztu zuten astearteko aurkezpenean. EH Bilduko lantaldeak hilabeteak daramatza BiziOn plana garatzen. Lehenengo zirriborroa 40 lagunek parte hartu zuten lan saio batean aurkeztu zuten, eta azken dokumentua osatzeko 30 eragile baino gehiagoren ekarpenak bildu dituzte.

"Publifikaziora jotzea da planaren muina", erantsi zuen Claudia Venceslaok. "Asko hitz egiten da pertsonengan zentratutako arretaz, baina hori edukiz bete nahi dugu" Horretarako programa desberdinak garatu dituzte, pertsona bakoitzaren beharrei egokituak. "Gizarte-zerbitzuen bezero izatetik arretaren protagonista izatera igarotzea da helburua", azaldu zuten.

Bizitegi-baliabideak handitzea, edota langile sozialek gidatutako prebentzio radar sistema inplantatzea dira proposatutako neurrietako batzuk. Makro-erresidentzien eredua ere eraldatu nahi du EH Bilduren plan estrategikoak; Claudia Venceslaoren hitzetan, "Zaintza-etxebizitzen eredu batera igaro behar gara, bizikidetza-gune txikiagoekin". Horrekin batera erresidentzietan espazio irekiak eskaintzea ere proposatu du Venceslaok, pertsona nagusiek gainerako herritarrekin elkarbizitzarako espazio bat izan dezaten: "Zaintza lanek guztiok interpelatu behar gaituzte. Oinarri sendoa jarri behar diogu pertsona nagusien arretari".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide