LAUDIO PADEL KLUBA

"Oso pozik gaude Laudioko Padel ligarekin, ez genuen espero 144 pertsonak jokatzea"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko aza. 2a, 07:51

Gardeako padel pistetan ari dira jokatzen Laudioko Liga. / Aiaraldea.eus

Urrian hasi zuten Laudioko Padel Liga. Emakumezkoen eta gizonezkoen kategoriak bereizi dituzte, eta 72 bikote aritu dira lehen fasean, 144 pertsona. Orotara, 108 partida jokatu dituzte hilabetearen buruan.

Aiaraldeko padel jokalariek tokiko ligari heldu diote. Laudio Padel Klubak sustatu du ekimena, eta izen-ematearen ondotik hainbat maila proposatu dizkiete lehiakideei. Hala, emakumezkoen kategorian 5 maila  osatu dituzte, eta gizonezkoenean 12. "Emaitzen arabera multzoz igo edo jaitsi egiten dira bikoteak", azaldu du Sergio Perez antolakuntzako kideak. 

Partaideei hilabeteko epea ematen diete multzo bereko bikoteen aurkako partidak antolatzeko, eta emaitzen arabera igo edo jaitsi egiten dira mailaz hurrengo hilabetean. "Lehen fasean 108 partida jokatu dira. Bigarren hilabetean -zubiak medio- 4-6 asteko tartea eman diegu partaideei", zehaztu du.

Laudioko Ligako lehen hilabetean 72 bikote aritu dira jokatzen, 144 pertsona. Guztira 108 partida egon dira hilabete batean

Izandako harrerarekin oso pozik azaldu da Laudio Klubeko kidea: "Lehen fasean 72 bikote izan genituen, 144 pertsona. Gainezka egin zigun egoerak, ez genuen uste horrenbesteko parte hartzea egongo zenik. Guztira 108 partida jokatu dira hilabetean", goraipatu du.

Aurki hasiko dute bigarren txanpa, eta beste 20 lagun apuntatu dira, bajaren bat edo beste ere dagoen arren. "Guztira, beraz, 130 partida baino gehiago egongo dira Gardean azaroan". Horrek, ordea, arazoa bistaratzen du: "Ez dago jolasteko pistarik, eta batzuk Laudiotik kanpo egin behar izan dituzte ligako partidak. Laudion pista gehiago behar dira". Dena den, arrakasta handiagatik, balorazio positiboa egin du Laudio Padel Klubak: "Hau pentsatzean 30-40 bikote espero genituen, eta bikoiztu egin dugu. Oso pozik eta gustura gaude".

"Ez dago jolasteko pistarik, eta batzuk Laudiotik kanpo egin behar izan dituzte ligako partidak. Laudion pista gehiago behar dira"

Aurrera begira, ekimen berriak dituzte buruan: urtaroka torneo bat antolatu nahiko lukete. Udaberrikoa Gardeako jaien testuinguruan errepikatuko dute, eta udakoa Laudioko festetan. "Bi norgehiagoka horien lehenbiziko edizioa aurten egin dugu", erantsi du, "baina Gabonetan eta udazkenean ere egin nahiko genituzke ekintzak".

Sergio Perezek Aiaraldea Komunikabideari aurreratu dionez, azaroaren 25aren testuinguruan, emakumeentzat torneo propioa prestazen dabiltza, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna baliatuta. Hala, azaroaren 26an egun osoko torneoa egiteko asmoa dute: "Padelaz gain, ikusgarritasuna eman nahi diogu emakumeen kirolari. Laudioko ligan %70 gizonezkoak dira, eta emakume gehiago aritzea gustatuko litzaiguke".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide