Gaueko hirurak aldera, ezezagun batek estolda baten kutxatila hartu eta Laudioko Xcaret ilepaindegiko erakusleihoaren kontra bota du. Horrela, kristala apurtu du eta barruan sartu da, kutxan zegoen dirua eta zenbait tablet eramateko.
Hasieran, Laudioko Udaltzaingoa bertaratu da eta gero Ertzaintzak hartu du kasuaren ardura. Hain zuzen, ikuskapen taldea egon da ileapaindegian.
Aiaraldea Komunikabidea establezimenduko langile batekin mintzatu da eta berak adierazi dio egileak odol tanta batzuk utzi dituela, kristal apurtu batean. Kalteei buruz, beharginak aipatu du erakusleihoa ez ezik, desorden handia ere eragin duela barruan eta lurrera iltzatuta zegoen altzari bat bere tokitik atera duela.
Horrez gain, negozioaren arduradunek egun osoa igaro dute barruan, geratu den zuloa estaliko duen zerbitzuaren zain.