ERREPORTAJEA

“40 urteko tira-biren ostean itxi behar izan genituen La Viñako ateak”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko aza. 1a, 07:01

Nandi Atxa Gorostiagak hamarkada luzez kudeatu zuen La Viña taberna. Egun, hutsik dago establezimendua. / Aiaraldea.eus

Ilargi tabernarena ez da kasu isolatu bat. Azken urteetan Laudioko hainbat establezimenduk itxi behar izan dituzte ateak errenten bat-bateko gorakadengatik. La Viña da horietako bat.

Laudioko taberna mitikoenetako bat izan zen La Viña. 1960. hamarkadan ireki zen lehenbiziko aldiz, eta 1971ko urtarrilean hartu zuten Nandi Atxa Gorostiagaren gurasoek. Berak hamar urte  zituen orduan, baina ondo oroitzen ditu garai hartan bizitakoak. “Otsailean ireki genituen ateak. Nire gurasoek 100.000 pezeta ordaindu behar izan zizkioten aurreko jabeari eskualdaketagatik, eta lokalaren jabeak 4.000 pezetako errenta ezarri zien. Bazen dirua garai hartan”. 

Atxak azaldu duenez, 1971an sinatutako kontratuak errentaren igoera progresibo bat proposatzen zuen: “Hirugarren urtean hilero 4.500 pezeta ordaintzera pasa ginen, eta hortik aurrera Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) araberakoa izango zen igoera”. Hirugarren urtea amaitzear zegoenean lokalaren jabearen bisita izan zuten. Hala oroitzen du Atxak: “Ni tabernan nengoen laguntzaile moduan, eta lokalaren jabeak nire aitari esan zion errenta igo egingo zela. Nire aitak esan zion ez zuela uste hori horrela izan behar zuenik, kontratuan beste gauza bat zehazten zelako. Jabea sumindu egin zen orduan, eta zigarro piztu bat bota zion nire aitari”. 

Hor hasi zen jazarpena, tabernariaren aburuz: “Epaiketetan murgildu gintuzten, gu botatzeko helburuarekin. Uko egiten zioten errentaren ordainketa jasotzeari, eta gero argudiatzen zuten ez genuela ordaindu nahi. Baina guk bagenekien zer egin behar genuen: Correosera joaten ginen eta bertatik bidaltzen genuen dirua, eta frogagiriak gordetzen genituen, epaiketetan aurkezteko, baina berdin zitzaien”. Atxak ez du oroitzen zenbat aldiz joan behar izan ziren epaitegietara, “10-15 inguru izango ziren, eta ez ziren gehiago izan gure abokatuak esaten zielako ez izateko ergelak, bazekitela ez zutela irabaziko”. 

Atxaren gurasoak saiatu ziren lokala erosten: “Aitak lokalak balio zuen bikoitza eskaini zion jabeari, baina honek uko egin zion. Nahikoa desgaste dakar tabernako bizitzak, epaiketetan murgilduta egoteko”.

1995. urtean hartu zuen Nandik bere gurasoen lekukoa tabernan. Urte garrantzitsua izan zen hura, orduan sartu baitzen indarrean hiri-errentamenduen lege berria. “Lege horrek 20 urteko iraungitze epea jartzen zien nirea bezalako negozio batzuen alokairu-kontratuei. Behin epe hori iraungita, jabeek eskumena zuten lokalei nahi zuten prezioa jartzeko”, azaldu du tabernariak. “Lege aldaketa hori baino lehen, kontratuak hiru belaunaldiz mantendu zitezkeen: nire aitak kontratu bat sinatzen bazuen nik kontratu hori mantendu nezakeen, eta nire seme-alabek ere mantendu ahalko lukete”.  Gauzak hala, 20 urte beranduago jaso zuen La Viñak kaleratze agindua, 2015eko urtarrilean. “Urtarrilaren 1ean kanpoan egon behar nuela esan zidaten, baina abokatuak geratzera animatu ninduen. Nire ama bizirik zegoen garai hartan. Legalki bera zen tabernaren jabea, eta bazegoen abagune bat kaleratuak ez izateko”.

Epaiketak

Epaiketetan murgildu ziren orduan. “Amurrioko epaitegian lehen epaiketa galdu egin genuen. Beste bat izan genuen  Arabako Auzitegi Probintzialean eta hori ere galdu genuen, baina aukera ematen zigun Espainiako Auzitegi Gorenera joateko. Auzitegi gorenak aukera zuen kasua onartu edo ez onartzeko. Esan zidaten oso aukera gutxi nituela onartua izateko. Orduan erabaki nuen taberna ixtea”. 

La Viñarekin batera, inguruko beste bi lokalek itxi zituzten ateak: Blanco tabernak eta Almacenes Alava dendak. Jabe berdinarenak ziren bi lokal horiek. “Eurei ere une berean iraungitu zitzaizkien kontratuak.  Jabeek ez zuten harreman ona Almacenes Alavakoekin, eta zuzenean kaleratu zituzten. Blanco tabernakoei, aldiz, igoera handia proposatu zieten”. 

Atxari ere proposatu zioten tabernan geratzea, errenta gaurkotuta. “Hilero 1.500 euro inguru ordaintzea proposatu zidaten, %250 inguruko igoera lehen neukan errentarekiko, baina nik jada ez nuen bertan geratu nahi. Tabernako lana jada ez zen lan duina”.

Tabernari beteranoaren ustez, aisialdian egondako aldaketek nabarmen okertu dute ostalaritzaren sektorea. “Laudion egon dira une batzuetan zeintzuetan 100 taberna egon diren, baina 4.000 pertsona inguruk erabiltzen zituztelako”. Establezimendu kopurua jaitsi egin da urtez urte, eta errentak igo. “Gauzak gaizki doazenean ez da berdina hilean 500 euro edo 1.5000 euro ordaintzea. Mugatik oso gertu zaudenean, gastuen alde hori hirukoiztea uzteko arrazoia izan daiteke”.

La Viña bera da ostalaritzaren gaur egungo egoera ezegonkorraren adibide. 2015tik  hona bi aldiz ireki da lokala, ‘Viña Berria’ izenarekin, baina ez du asko iraun. Gaur egun, ‘Alokatzen da’ dioen kartela du lokalak erakusleihoan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide