ERREPORTAJEA

Ilargi tabernako errentaren auzia, Espainiako Auzitegi Gorenera

Txabi Alvarado Bañares 2022ko aza. 1a, 07:02

1977tik hona bi obra handi egin ditu Pili Carrillo Markezek tabernan, biak bere poltsikotik ordainduta. / Aiaraldea.eus

Baliteke Laudioko Ilargi taberna mitikoak ateak itxi behar izatea hemendik hilabete gutxira. Jabego asko dituen familia batena da lokala, eta Pili Carrillo Markez tabernaria bota nahi dute, 35 urtez errenta ordaintzen aritu ostean. 

Iragan apirilean Pili Carrillo Markezek 35 urte bete zituen Ilargi taberna kudeatzen. Bertan jubilatzea da tabernari beteranoaren asmoa, baina ez daki egin ahalko duen, lokalaren jabeek kanporatu egin nahi dutelako. Epaitegi batetik bestera egin du salto auziak, eta Espainiako Auzitegi Gorenean dago une honetan, ebazpenaren zain. 

Madrilen bizi diren “jabe handi” batzuk dira Ilargiko lokalaren jabeak, Carrillok zehaztu duenez. Beste hainbat jabetza dituzte herrian eta estatuko beste toki batzuetan

Ilargiko terrazan bildu gara Carrillorekin. Berak ondo oroitzen du noiz eta nola hartu zuen Laudioko Batzalarrin kaleko lokala: “1977ko apirilaren 13an izan zen. Taberna, berez, 1960. hamarkadan jarri zen martxan, ‘Iturri’ izenarekin. Negozioa eskualdatu nahi zuen aurreko jabeak, eta berarekin sinatu nuen akordioa, lokalaren jabeen oniritziarekin”.

Inbertsio ekonomiko handia egin behar izan zuen emakumeak. “Eskualdaketagatik 7,5 milioi pezeta ordaindu nituen. Negozioa aurretik zuenak eraman zuen diru gehiena, eta %10 lokalaren jabeak eraman zuen, 750.000 pezeta guztira”. 

Tabernariaren arabera, “astakeria” izan zen hori, “dirutza”. “Pentsa, nik handik 10 urtera pisua erosi nuen kale berean eta 9 milioi kostatu zitzaizkidan”.  Gastuak ez ziren horretara mugatu. Beste 1,5 milioi pezeta inbertitu behar izan zituen Carrillok lokala egokitzeko, altzari gehienak “hondatuta” zeudelako. Hori eginda hasi zen martxan negozio berria. “Langile taberna” bat zen garai hartan Ilargi, tabernariak oroitzen duenez. “Oinezko kalea zen honakoa, eta garai hartan jada existitzen ziren egungo eraikin eta lokal guztiak”. 

Errenta igoera, urtez urte

Laudioko “jabe handi” batzuk dira Ilargiko lokalaren jabeak, Carrillok zehaztu duenez: “Madrilen bizi den familia bat da, herrian ere senideak dituzten arren. Jende boteretsua da, diruduna. Lursailak, etxeak, pisuak… denetarik daukate”.

1977. hamarkadan ere familia berarena zen lokala, eta 17.000 euroko errenta ezarri zioten tabernari hasi berriari. “Diru nahikotxo zen garai hartan eta, gainera, igoera ezarri zidaten aurreko negozioak ordaintzen zuenarekiko”. 

Errenta igotzen joan zen urtez urte, Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) arabera, “kontratuak hala zehazten baitzuen”. Hala ere, igoera hori ezin da alderatu higiezinen prezioek azken hamarkadetan izandako gorakadekin. Carrilloren arabera, Laudion taberna edo denda bat ireki nahi duen pertsona batek 1.500 eta 2.000 euro artean ordaindu beharko dizkio hilero lokalaren jabeari. Ilargiren jabeak, aldiz, 274 euroko alokairua ordaintzen du gaur egun, bere kontratua duela 35 urtekoa delako. 

Kaleratze agindua

“Arrazoi ekonomiko” hori dago bera kaleratu nahi izatearen atzean, Carrilloren aburuz. Duela hamar urte hasi zen gatazka. “Duela hamar urte bidali zidan jabeak lehen gutuna, esanez  25 urte bete nituela tabernan eta joan behar nuela. Nik abokatu batengana jo nuen orduan, eta esan zidan ez nuela ezer egin behar. Kontratua 25 urterako zen, beste 5 urteko luzapenarekin”. Gauzak hala, handik bost urtera jaso zuen bigarren gutuna, abuztuan. “Azarora arte ematen zidaten nire gauzak hartu eta joateko epea. Orduan hasi zen gatazka, ez nintzelako joan”. 

Jabeak salaketa jarri zuen, eta epaitegian amaitu zuen auziak. “Amurrioko epaitegian egin zena nik irabazi nuen, eta Gasteizen egin zena galdu egin nuen. Gauzak hala, Espainiako Auzitegi Gorenean gaude orain”, azaldu du tabernariak. “Amurriokoa irabazi nuenean tratua egitea proposatu zidaten, errenta ‘gaur egungo garaietara’ egokitzeko. Ez zidaten diru-kopururik iradoki, baina nik ezetz esan nien. Argi nuen une horretan, epaiketa eta abokatuekin hasita, jada ez nuela akordiorik egingo. Joan behar banaiz joango naiz eta geratu behar banaiz geratuko naiz”.

Eskualdaketa VS subrogazioa

1977ean sinatutako akordiaoren gaineko desadostasun juridiko bat dago auziaren epizentroan, Carriloren arabera. “Jabearen arabera, nik taberna hartu nuenean ez zidaten eskualdatu, subrogatu baizik. Baina eskualdaketa bat izan zen. Subrogazioa beti egiten zaio gertuko pertsona bati, senide zuzen bati. Nik, adibidez, nire alabari subrogatu ahalko nioke. Baina nik egin nuena eskualdaketa izan zen. Ez nuen aurreko jabeekin zerikusirik eta, esan bezala, 7,5 milioi pezeta ordaindu behar izan nizkien”. 

Hor dago koxka, eta hori da Espainiako Auzitegi Gorenean ebatzi beharko dena. “Eskualdaketa izan zela ebatziko balitz, ni jubilatu arte geratu ahalko nintzateke tabernan eta orduan aukera izango nuke nire alabari subrogatzeko. Nire lanpostuan jubilatzeko aukera emango lidake horrek, hori da nahi dudana, horregatik nago borrokan”. 

Izan ere, lokalaren jabeek eskuak nahiko lotuta dituzte. Ezin dute Carrillo bota ezta errenta aldatu, kontratua Boyer legea baino lehen sinatu zelako. Miguel Boyer ministroak garatu zuen lege hori, 1985. urtean. Ordura arte, alokairuen kontratuek ez zuten iraunaldi finkorik. “Funtsean, kontratuak indarrean mantendu zitezkeen errenta ordaintzen zuenak nahi arte”, azaldu du Carrillok. “Baina lege berriak amaiera jarri zion horri, kontratuek iraupen zehatz bat izan behar zutelako”. 

Ez da kasu bakarra

Azken urteetan beste hainbat taberna mitikok itxi dituzte ateak Laudion, antzeko arrazoiak medio. Ilargitik metro eskasetara daude bi adibide esanguratsu: El Blanco eta La Viña. “Nire egoera berdinean zeuden pertsonak ziren. Baina lege aldaketarekin errentak igo egin ziren, eta biek itxi zuten, ikusten zutelako ateratzen zuten diruarekin ez ziela merezi. Zer gertatu da ordutik hona? La Viña itxita dago eta El Blanco esku askotatik igaro da oso denbora gutxian. Zergatik? Diruak ez duelako ematen”.

Laudion taberna edo denda bat ireki nahi duen pertsona batek 1.500 eta 2.000 euro artean ordaindu beharko ditu hilero errentan, Carrilloren esanetan.  Ilargik, aldiz, 274 euroko errenta du, bere kontratua duela 35 urtekoa delako

Carrillok argi du gaur egungo errentak “gehiegizkoak” direla: “Establezimendu berriak irekitzen dira egun batean eta hurrengoan ixten dira. Zergatik? Gehiegizko errentak ordaindu behar direlako”.
Horren aurrean, bere errenta baxua defendatu du: “Behin baino gehiagotan etorri dira jabeak esanez gutxi ordaintzen nuela eta errenta igo beharko litzatekeela. Zergatik? Nire kontratuak esaten du hemen jubilatzeko eskubidea dudala. Zergatik igo beharko nuke are gehiago jada Kontsumorako Prezioaren Indizearen arabera igotzen den zerbait? Alokairuan sartu nintzenean nik asko ordaintzen nuen, eta are gehiago igo zidaten errenta. Orain, apur bat mesede egiten didanean, zergatik handitu beharko nuke?”. 

Era berean, ostalariak nabarmendu du establezimenduaren mantenua bere gain egon dela hiru hamarkadetan: “Ez zait bidezkoa iruditzen kontuan ez izatea lokal honetan egin dudan guztia. Kasu batzuetan, komunitate zenbait gastu ordaindu ditut, niri ez zegozkidanak. Egin ditudan inbertsio guztiak hemen geratuko lirateke nik alde egin beharko banu”. 

Hiru hamarkada hauetan bi esku-hartze handi egin ditu Carrillok. “Bat hasieran, sartu nintzenean. 1,5 milioi pezeta gastatu nituen taberna konpontzeko. Orain dela sei-zazpi urte, aldiz, beste 30.000 euro baliatu ditut lokalean. Zergatik? Ba nire negozioa delako eta egoera onean egon behar dela uste dudalako. Lokalaren jabeak, kasu hauetan, ez du ezertxo ere ordaintzen. Nire aukera izan da”.

Carrillok ez daki, kasu hipotetiko batean, zenbateko igoera proposatuko lioketen, baina argi du hirukoiztu egin nahiko lioketela. “Ez naute epaiketara eramaten 50 eurotan igotzeko”. 

Horri lotuta, ondorio latza plazaratu du 35 urteko ibilbidedun ostalariak: “Nik Ilargigatik ordaintzen dudana baino hiru aldiz gehiago ordaindu beharko banu, alde egingo nuke. 35 metro karratuko lokal bat da hau, kokalekuak ematen dio duen balio apurra. Argi daukat: Ilargi hiltzen bada, betirako izango da, ez du beste inork hartuko”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide