Kultur sorkuntza Aiaraldean

Aitziber Duarteren ‘Zeramika’ murala, larunbatetik aurrera ikusgai

Jone Gartzia Gerra 2022ko aza. 2a, 15:00

Aitziber Duartek egin du 'Bigarren azala' ekimeneko bosgarren esku-hartzea, 'Zeramika' izenekoa. / Kulturlab

Azaroaren 5ean itsatsiko du Aitziber Duartek Zeramika izeneko argazki-konposizioa Zumalakarregi etorbidean, Laudioko Kulturzaleak elkarteak antolatutako ‘Bigarren azala’ ekimenaren baitan.

Laudioko Kulturzaleak elkartea joan den ekainean hasi zen hilero esku-hartze artistiko bat sustatzen. Abendura arte egingo dute Kulturlab 02 dinamikaren baitan, 2021ean Kulturlab 01 izenpean garatutako erakusketa eta jarduerei jarraipena eman asmoz.

Ekimen artistiko esperimental honek hilean horma-irudi berri bat proposatzen du Zumalakarregi etorbidean. Hilero hilero, murala egin duenak beste sortzaile bat proposatzen du hurrengo lana egiteko. Kulturzaleak Elkartea erreprodukzioaren kostuez arduratzen da eta “laguntza txiki bat” ematen die parte hartzen duten artistei. Azken hauek dira obraren itsasketaz arduratzen direnak.

Ekimenaren helburua hilero Lamuza parkean dagoen itsas edukiontziaren alboetako baterako azal berri bat proposatzea zen, “bigarren larru” gisa. Hori zen elkartearen hasierako asmoa, eta hortik dator ekimenaren izena, ‘Bigarren azala’. Lanak 6x2,5 metroko neurrian eta zuri-beltzean inprimatutako konposizioak edo irudiak dira eta edukiontziaren gainazalean kokatzekoak ziren.

Lehen esku-hartzea egin ondoren, ordea, Udalak edukiontzi hori Lamuzako parkearen atzealdera eramatea erabaki zuen eta ekimenaren antolatzaileek, bertan ikusgarritasun gutxi zuelakoan, beste alternatiba bat bilatu zuten. Ordutik, Zumalakarregi etorkibidean kokatu dute muralentzako gunea. “Proposamen artistikoak bere izaera arkitektonikoa galdu du neurri batean, eta bi dimentsioko espazio bihurtu da, horma-irudi edo koadro baten antzekoagoa, baina, horren ordez, ikuspen eta presentzia handiagoa lortzen du”, azaldu zuten orduan antolatzaileek.

Bosgarren azala

Izaskun Alonso Saratxaga margolari eta EHUko Arte Ederren fakultateko irakaslea izan zen ‘Bigarren azala’ dinamika estreinatzeaz arduratu zena, errepikapen-patroi batetik abiatutako konposizio batekin. Hori izan zen Lamuza parkeko edukiontzian egindako bakarrak, gainerakoak Zumalakarregin jarri baitutuzte. Abuztuko murala Xabier Gorostiaga Uriarte diseinatzaile grafikoak egin zuen, irailekoa ‘Peke’ argazkilari laudioarraren lana izan zen eta urrikoa Igor Arzuaga aretarrarena.

Azarokoa Aitziber Duarte artistak egingo du larunbat honetan bertan. Zeramika izena jarri dio argazki-konposizioari. “Jarduerak zeramikazko tornu baten argazki zentral bat eskaintzen digu, pieza batekin, zuri-beltzean, eta gainean bi alboetan, koloretako irudi batean, bosgarren edizio honetako protagonista den Aitziber Duarte artista gaztearen eskuak”, azaldu dute kultur elkarteko kideek. Gainera, triptiko fotografikoa Kulturlab.info webgunean ikus ahalko den bideo batera konektatuta dago. Bertan, Duartek pieza egiteko erabilitako prozesua erakusten du hiru minutu eskasetan.

Inside Out eta Fair Saturday proiektuak

Horrez gain, Kulturlab 02 nazioarteko ‘Inside-out’ ekimen artistikoa prestatzen ari da. Dagoeneko New Yorkera bidali ditu Laudion proiektua osatuko duten 300 argazkietatik 250, eta prozesatuta egongo dira aste honetan bertan inprimatzeko.

Ekintza hau Fair Saturday ekimenaren barruan txertatuko dute, “Bilbon sortua baina planetan zehar hedatzen ari dena”. Proiektu horrek, “kulturak eta herritarren parte-hartzeak eraldaketa sozialean duten garrantziaren alde” egiten du lan.

Azaroaren 26an, larunbatean, jarri nahi dituzte 300 erretratuak “herriko leku enblematiko batean”. Horretarako laudioarren laguntza eta parte-hartzea eskatu dute. Lamuza parkean jarri dute 12:00etan hitzordua, “kulturaren papera aldarrikatzeko eta Lamuzako parkea erreferentziazko kulturaren parke gisa berreskuratzeko ahaleginak bikoiztea eskatzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide