Laudioko nazioarteko zikloklosak 650 txirrindulari batuko ditu larunbatean

Aitor Aspuru Saez 2022ko aza. 3a, 10:00

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten probaren XXXIV. edizioa eta Ander Añibarro Laudioko alkateak, Ana del Val Arabako Kirol diputatuak, Javier Mena Euskadiko Federazioko presidenteak, Axier Urresti Vital Fundazioko zuzendari nagusiak, Egoitz Murgoitio txirrindulari ohiak, Erme Egiak eta Iñigo Gonzálezek parte hartu zuten lasterketaren aurkezpenean.

Laudioko Udalbatzak hartu zuen atzo Laudioko Nazioarteko Ziklokrosaren XXXIV. edizioaren aurkezpena. Alde batetik, antolatzaileek eta laguntzaileek hartu zuten hitza, baina ikusleen artean eskualdeko puntako txirrindulariak ere egon ziren, Hodei Muñoz eta Lukene Trujillano, kasu.

Laudioar Txirrindulari Elkarteak goraipatu zuen 80 boluntariori esker egin dezaketela lasterketa, eta 650 txirrindulariren parte hartzea espero dutela, 700 baita muga. Europa osoko puntako kirolariren bisita izango dute, Karrantzako lasterketa asteburu berean lehiatzen baita eta txapelketa kontinentalerako puntuak lortzeko aukera bikaina da jende ugarirentzat.

Ander Añibarro alkateak eta Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kirol Diputatuak goraipatu zuten probak lortzen duela Laudio Europako mapan jartzea. 

Ibilbideari dagokionez, iazko bera izango da, baina ezberdintasun nabaria topatuko dute parte-hartzaileek: 2021ean lokatza zen nagusi eta aurten ez du euririk egin, hortaz, ibilbide azkarra izango da.

Iñaki Pinedo Arabako Txirrindularitzako Federazioko ordezkariak aipatu zuen luxua dela C1 kategoriako lasterketa izatea lurralde historikoan, "Federazio txikia izanik". Erme Egiak, bere aldetik, gogoratu zuen horrelako proba bat antolatzeak suposatzen duela 35.000 eta 40.000 euro arteko inbertsioa eta egingarria dela laguntzaileen ekarpenei esker.

Publikoan egon arren, Hodei Muñoz aiararrak ez du tokia hartuko irteeran, Europako Txapelketan arituko baita. Aurkezleak Munduko Txapelketan izandako esperientziari buruz galdetu zion eta gazteak aitortu zuen bizipen polita izan zela, "baina gogorra".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide