Laudioko kondaira eta sinesmenak liburu bakarrean bildu ditu Felix Mugurutza Montalbanek. Laudioko herri-ondarea bildumaren barruan argitaratu dute lana, Udalaren eskutik. 2020an plazaratu zuen tokiko erakundeak bildumako lehen liburua, Laudioko Berbak izenekoa. Argitalpen hori Mugurutzak ere idatzi zuen, Laudion duela 100-150 urte hitz egiten zen euskalkiko 300 hitz berreskuratuta.
Oraingoan, aldiz, herriko sinesmen eta kondairetan jarri du begirada Udaleko euskara eta kultura ondare teknikariak, 400 orriko lan mardula osatuz. 28 bizilagunen lekukotzak bildu ditu Mugurutzak. “Horietako batzuk hil egin dira dagoeneko”, azaldu du argitalpena aurkezteko eginiko prentsaurrekoan.
Nabarmendu duenez, aukera izan dute baita Jose Miguel de Barandiaran ikerlari ospetsuaren ikasle batzuk eginiko elkarrizketak baliatzeko. “Ikasle horietako 4 Laudiokoak ziren, eta Barandiaranek euren herriko zenbait bizilagun elkarrizketatzea eskatu zien 1935-1936. urteetan, klaseko lan moduan. Aukera izan dugu elkarrizketa horiek berreskuratzeko. Horrela, kondaira eta sinesmen batzuk izandako bilakaera aztertu ahal izan dugu”.
Modu horretan, 28 kondaira eta 175 sinesmen bildu ditu guztira Mugurutzak. Egunka banatu ditu sinesmenak, kontsultatzeko errazagoak izan daitezen. Ikerlaria pozik azaldu da eginiko lanarekin. “Kultura herrikoiaren bilduma bat da”, azaldu du, “lan definitiboa dela esan daiteke. Ikerketa ez da inoiz amaitzen, baina bertan azaltzen den mundua desagertzen ari da, elkarrizketatuak hiltzen ari direlako”. Gauzak hala, liburua “Laudioko etxe guztietan” egotearen garrantzia nabarmendu du: “Erabili eta kontsultatzeko liburu bat da, gure ondare inmaterialaren lagina”.
Ander Añibarro Maestrek ere hartu du parte aurkezpenean. Alkateak zehaztu du liburuaren 4.000 ale inprimatu dituztela, eta doan banatuko dituztela herritarren artean. “Ez da dirua botatzea. Jendeak liburua irakurtzea izango da Udalak trukean jasoko duena”. Horri lotuta, liburu bildumarekin jarraitzeko asmoa adierazi du gobernuburuak, eta aurreratu du hurrengo atalak “herriko beste egile batzuek” idatziko dituztela.
Liburuaren aurkezpena, bihar
Bihar -larunbata- egingo dute liburuaren aurkezpen publikoa, 18:30ean Lamuza parkeko Kasinoan. Ekitaldi hunkigarria izango dela aurreikusi du Mugurutzak, lekukotzak eman dituzten pertsonak edota euren oinordekoak bertaratuko direlako.
Bihartik aurrera, liburua doan eskuratu ahal izango du herritar orok, udaletxe sarreran lanegunetan eta turismo-bulegoan asteburuetan.