EGOITZ BERNAOLA LUXA

"Jose Arrue Italiako tropek preso hartu zuten eta bi urte igaro zituen Santoña, Urduña eta Bilboko kartzelen artean"

Aitor Aspuru Saez 2022ko aza. 8a, 18:09

Egoitz Bernaola Luxak hitzaldia eskaini zuen ostiralean Laudion Jose Arrueri buruz. / E. B. L.

EGOITZ BERNAOLA LUXAk (Laudio, 1983), ikerketa egin ostean, Jose Arrueri buruzko hitzaldia eskaini zuen ostiralean, azaltzeko Gerra Zibilak margolariaren bizitzan eta lanean izandako eragina. 

Hitzaldia eskaini duzu Jose Arrueri buruz eta gerra hartu duzu mugarri horretarako, zergatik?

Gerra Zibila, zalantzarik gabe, inflexio-puntu oso garrantzitsua da Jose Arrueren ibilbide pertsonal eta profesionalean, ondorio ugari izan baitzituen. Bere bizitza pertsonalari kalte handia egin zion: bere emaztea eta alabak Donibane-Lohizunen babestu ziren bitartean, Italiako tropek preso hartu zuten eta bi urte eman zituen Santoña, Urduña eta Bilboko kartzelen artean.

Denbora horretan bere etxea okupatu eta bere gauzak eta bere obra artistikoa espoliatu zituzten. Gerra amaitu zenean hutsetik hasi behar izan zuen, eta horrek guztiak ezinbestean markatu zuen bere karreraren garapena.

"Bere etxea okupatu eta obra artistikoa espoliatu zioten"

Gainera, gerraren aurreko etapa ez da hain ezaguna publiko orokorrarentzat eta, beraz, mugarri hori hartu nuen erreferentzia nagusitzat hitzaldiaren edukia egituratzeko orduan.

Nolakoa izan zen bere lana gerra baino lehen eta ostean?

Jose Arrue desberdin bat dago gerra aurretik eta ondoren. Aurrekoa Bilbon eta Bartzelonan sendo hezitzen eta osatzen den artista da; bere anaia Alberto, Ricardo eta Ramiro margolariekin batera Europan zehar bidaiatzen duena; Parisko giro artistiko eta kulturaletan mugitzen dena; Londres, Buenos Aires edo Montevideon ere erakusten duena; Gustavo de Maeztu edo Nemesio Mogrobejoren lagun mina dena eta proiektu askotan parte hartzen duena, horietako batzuk sozialki eta politikoki konprometituak. 

Gerra osteko Arrue margolari desilusionatu eta abaildua da, bere familiarekin batera Aretan babesten dena, pixkanaka bere karrerari ekin behar diona eta, bere onera etorri ondoren, bere pasioaz zoriontsu bizitzea lortzen duena, baina aurreko urte haietako berezko ajerik gabe.

"Arrueren ibilbidea pentsatu daitekeena baino askoz aberatsagoa da, Parisko giro artistiko eta kulturalean mugitu zen eta Londres, Buenos Aires edota Montevideon egin zituen erakusketak gerra baino lehen"

Nola erabaki zenuen Jose Arrueri buruzko ikerketa abiatzea, are gehiago Madrilen bizita? Horrek erraztu dizu lana edo zaildu dizu?

Hitzaldiaren edukia lantzeko ikerketa txiki bat prestatzea, egia esan, Laudioko Udalak egin zidan proposamena izan zen, 2022an, hil zenetik 45 urte bete direnean, antolatu diren omenaldietan parte hartzera gonbidatu ninduena. Zorionez, bere iloben (Nati eta Gonzalo) laguntza izan dugu hasieratik eta, beraz, datuak eta irudiak bilatzea ez da hain zaila izan.

Arrueren lanen artean zeintzuk dira interes gehien sortzen dizutenak?

Oso interesgarriak iruditzen zaizkit, adibidez, egindako bi autoerretratuak, oso gutxi ezagutzen direlako eta eragin modernistak eta 1930. hamarkadakoak dituztenak. Baita Euskal Herritik kanpo, bidaietan, margotu zituen lanak ere, eta ilustratzaile gisa egin zuen lan guztia, bai prentsan eta aldizkarietan, bai literatura-argitalpenetan, karteletan edo publizitatean. 

Bere lan piktoriko kostunbristen artean formatu handiko lanak nabarmentzen ditut, non irudi asko agertzen diren, guztiz indibidualizatuak, eta balio etnografiko eta historiko izugarria dutenak, janzkera eta bizitzeko modu galduak islatzen dituztelako.

Zergatik uste duzu aldarrikatu behar dela Arrueren lana eta bizitza?

Arrueren ibilbidea eta ondare artistikoa hasiera batean pentsatu daitekeena edota publiko zabalak printzipioz ezagutzen duena baino handiagoak eta aberatsagoak dira. 

Gure ingurunearekin, hemengo jendearekin eta orain dela gutxiko gure historiarekin ere lotura handia dauka, eta hori hobeto ikertzeko aukera eskaintzen digu. Horregatik uste dut pertsonaian eta bere obran sakontzea merezi duela, bere benetako dimentsioa ezagutu eta aldarrikatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide