Iñigo Martinezek esperientzia oso ona izan zuen 'Los renglones torcidos de Dios' pelikulan

Aitor Aspuru Saez 2022ko aza. 9a, 10:45

Trailerrean bete-betean agertzen da Iñigo Martinez.

Urrian estreinatutako filma asteburu honetan helduko da eskualdera, Orozkoko Donibane Aretoan proiektatuko baitute. Ekoizpen handi horrek Iñigo Martinezen parte hartzea dauka bere antzezle taldean.

Urriaren 6an estreinatu zen Los rengolnes torcidos de Dios filma eta asteburu honetan ikusgai egongo da Orozkon, 19:00etatik aurrera. Kritika oso onak jaso dituen ikus-entzunezko ekoizpen hori Torcuato Luca de Tena idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta dago eta antzezle aski ezagunak ditu; Barbara Lennie edota Eduard Fernandez, esaterako.

Aiaraldearrentzat, ordea, badago beste aurpegi ezaguna aktoreen artean, Iñigo Martinez laudioarrarena, hain zuzen. Artistak deia jaso zuen duela bi urte. Agente bat gorputz ez normatiboak zituzten antzezleen bila ari zen, zoroetxe batean girotutako film baterako. Hori dela eta, Martinezekin jarri zen harremanetan: "Nire argazki batzuk bidali nizkion eta castinga gainditu ondoren, kontratatu ninduten. Hiru asteko lana izan zen", azaldu du.

Bitarteko handiko ekoizpena

Atresmedia da proiektuaren bultzatzaileetako bat eta Martinezek berehala sumatu zuen apustu ekonomiko garrantzitsua zegoela pelikularen atzean: "Armugan grabatu nuenean, talde txikia ginen. Honetan, ordea, dozenaka langile zeuden, agian ehun baino gehiago; jantziak, kamarak, antzezleak... Zoroetxea simulatzeko enpresa baten eraikina moldatu zuten eta logelak, egongelak eta abar prestatu zituzten. Oso ondo egina zegoen".

Ezustea protagonismoan

Martinezek argi zuen filma hasi zenean bere rola oso zeharkakoa zela. Dena den, ezuste polita izan zuen: "Finean, estra bat nintzen. Zoroetxeko eszenetan baino ez naiz agertzen eta ez dut lerro bat bera ere. Hala eta guztiz ere, sorpresa izan zen ikustea trailerrean agertzen naizela. Jende ugarik deitu edo idatzi ninduen esateko ikusi ninduela".

Esperientzia baloratzeko orduan, laudioarrak oso iritzi positiboa adierazten du: "Egia da lanaldiak oso luzeak zirela, 10 edo 12 ordukoak, baina jende guztia oso jatorra eta atsegina zen eta bizipen polita izan zen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide