Kultur sorkuntza Aiaraldean

Esti Urresola: “Kolektiboki partekatzen ari gara poztasun eta algara hau guztia”

Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 07:00

Esti Urresola artxiboko irudi batean. / Aiaraldea.eus

Cuerdas film laburrarekin, Goya eta Feroz zinema sarien hautaketa fasean dago Esti Urresola Solaguren. Suitzatik erantzun ditu Aiaraldea Komunikabidearen galderak.

Berriki jakin dugu Goya sarietarako aurreizendatua izan zarela eta aste honetan ere heldu zaigu Feroz sarietan ere izendatua izan zarela, nola hartu dituzu bi notiziak?

Ikaragarrizko pozarekin, noski. Ez hainbeste aitortza jasotzen dugulako, baizik eta izendapen hauekin nik behintzat hartzen dudana delako lanak nolabait bere helburua lortu duela. Hau da, pertsonak mugiaraztea eta emozionatzea.

Zertan laguntzen dute horrelako izendapenek, irabazi zein ez?

Asko laguntzen digu Cuerdasen kontatzen den istorioari bozgorailua emateko. Jendea filma laburrari buruz hitz egiten hasten da, jakin-mina sortzen da eta jende gehiago hurbiltzen da ikustera. Hori oso ona da pelikularentzat eta bereziki nire atzean dagoen talde osoarentzat.

Iaz ere Goya sarien hautatuen artean egon zinen, zelan bizi izan zenuen berri hori eta nola oraingoa?

Iazko izendapenarekin alderatuta, ezberdintasuna da oraingoan komunitate sentimendu handiagoa dagoela. Ez da nik nire burutik sortu dudan istorio bat, besterik gabe.

Kasu honetan, nik ere errealitate baten zerbitzura lan egin dut eta errealitate horren parte diren hainbat eta hainbat emakume oso inplikatuta daude proiektuaren ekoizpen, errodaje eta erakusketa prozesuan.

Zentzu horretan, haiekin batera ari gara bizitzen gertatzen ari zaizkigun gauza polit guztiak: Cannesera joatea, adibidez, beraientzat oparia izan zen, pentsaezinezko ametsa, guretzat izan zen bezala. Oso ezberdina izaten ari da kolektiboki partekatzen ari garelako poztasun eta algara hau guztia.

Izendapenak izendapen, lanean ari zara film berria aurrera ateratzeko. Nola doa prozesua?

Hala da, honek guztiak pelikularen postprodukzioan harrapatu nau, edizio fasean. Pozik gaude, baina oraindik lan asko geratzen da.

Gainera, beste berri on bat jaso dugu: Tallinn jaialdian, Estonian, 'Works In Progress' izeneko workshop baterako hartu gaituzte. Bere momentuan, gidoi onenaren saria jaso genuen jaialdi horretan.

Orain, postprodukzio fasean dauden beste pelikula batzuekin, material pixka bat erakutsi ahal izango dugu eta nazioartean banatzaileak bilatzeko aukera emango digu horrek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide