Gabon jai tradizionalak ospatzen laguntzeko asmoz, Laudioko Udalak, Kultura, Kirol eta Jai Sailaren bitartez, lehen gabon-kanta lehiaketa jarri du abian: “Laudioko Gabon-kantak”.
Lehiaketa irekia izango da, eta nahi beste taldek hartu ahal izango dute parte, baldin eta gutxienez zortzi kidek osatzen badituzte. Hala, parte hartzeko bi kategoria ezarri dira: familiakoa eta eskolakoa, eta era formalean eratuta dauden eta musika koralean aritzen diren taldeak.
Nolanahi ere, parte hartzen duen talde bakoitzak bi gabon-kanta interpretatu beharko ditu; bata derrigorrezkoa izango da eta bestea bakoitzak aukeratutakoa.
Gabonei edo gai tradizionalei buruzkoa izan beharko da, eta ezin izango du mezu arrazistarik, xenofoborik edo sexistarik izan, ez indarkeriaren apologiarik egin edo mezu diskriminatzailerik zabaldu. Familiako eta eskolako taldeentzat, “Din dan don” izango da derrigorrezko gabon-kanta, eta talde profesionalentzat, “Hator mutil”.
Ahotsaz gain, Eguberrietako berezko musika-tresnak –panderoa, triangelua, bandurriak, trikitixa edo zotzak– ere erabili ahal izango dira, baina debekatuta dago anplifikazio-sistemak erabiltzea. Taldeek Gabon gauaren bezperan, abenduaren 23an, kantatuko dituzte gabon kantak 19:00etatik aurrera, Aldai plazan, Alberto Acero plazan eta Zumalakarregi Etorbidean.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek azaroaren 14tik 30era arte eman ahal izango dute izena, biak barne. Izen-ematea Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo egoitza elektronikoaren bitartez egin ahal izango da.
Epaimahaia eta sariak
Epaimahaia, gehienez, sei pertsonak osatuko dute, eta guztiak musikako eta kulturako profesionalak, edo udalerriko kulturarekin, artearekin eta jaiekin harremana duten tokiko talde eta elkarteetako ordezkariak izango dira. “Laudioko
Gabon-kantak” lehen lehiaketa honetan, funtsean, konposizioen eta interpretazioen originaltasuna, sormena eta interes musikal eta artistikoa baloratuko dira, letraren, eta ahots- eta instrumentu- interpretazioaren alderdiak baloratuz, besteak beste. Eta beste alderdi batzuk ere epaituko dira, hala nola afinazioa, eszenaratzea, bateratze maila, aurkezpena, jantziak, etab.
Sariei dagokienez, familiako eta eskolako kategoriako taldeentzat 300 euroko lehen saria, 200 euroko bigarren saria eta 100 euroko hirugarren saria ezarri dira. Talde profesionalentzat lehenengo saria 600 eurokoa izango da, bigarrena 400 eurokoa, eta hirugarrena eta azkena 250 eurokoa.