313 laudioarren erretratuak itsatsiko dituzte Lamuza Parkean, erakundeei kultura politika ausartagoak eskatzeko

Aitor Aspuru Saez 2022ko aza. 15a, 11:02

'Inside Out' egitasmora lotutako ekintza Ingalaterran. / Inside Out

Inside Out nazioarteko arte ekimenaren barruan egingo dute performancea eta erretratuetan agertzen diren laudioar guztiek testua sinatu dute erakunde publikoei exijitzeko Lamuza parkean Kultur Parke bat bultzatzeko ausardia eta inplikazioa.

Azaroaren 26an Laudioko Kulturzaleak Taldeak ekintza oso berezia gauzatuko du 12:00etatik 15:00ak bitartean: Inside Out egitasmora batuko da eta 313 herritarren erretratuak itsatsiko dituzte Lamuza plazatik Kultura Etxearen sarreraraino. 140 metroko bidea osatuko dute eta jarduera osoa grabatuko dute, gero sareratzeko.

Kolektiboak xehetasun gehiago eskaini ditu: "Bidearen zabaleraren 3 ilaratan jarriko ditugu erretratuak, dron batekin eta hainbat kamerarekin grabatuko den jarduera batean. Ondoren, gertatutakoa bideo batean islatuko da, eta nazioarteko ekimenaren web-orrian txertatuko da. 140 metro linealeko "alfonbra" fotografikoa. Behar bezala lehortu ondoren, laudioar guztiek zapaldu eta bizi ahal izango dutena, hondatzen doan arte, eta, azkenik, kendu egingo dena hondatzeak hala gomendatzen duenean".

Paris-New York konexioa

Ekintzak nazioarteko adar anitzak ditu. Alde batetik, JR artistak sortu zuen Parisen, baina egun antolakuntza New Yorken dago eta bere irizpideak jarraiki egikarituko dute asmoa: "ekitaldiaren munduko antolakuntzak New Yorketik adierazten duen bezala, 90x135cmko neurriak izan behar dituzte argazkiek".

Helburua

Edonola ere, ekimena ez da arte hutsa, xede argiak ere baditu. Hain zuzen, erretratuetan agertzen diren laudioar guztiek testu bat sinatu dute, eskatzeko erakunde publikoei politika berritzaileak, ausartak eta konprometituak, Lamuza Parkea Kultura Parkea bilakatzeko.

Azken txanpan laguntzeko deia

Iaz hasi zen Luisan Garcia argazkilaria erretratuak hartzen Inside Out performancerako eta jadanik proiektuaren azken fasera hurbiltzen ari da Kulturzaleak. Hori dela medio, nahi duenak laguntza eskaintzeko aukera izango du.

Horretarako bide anitzak egongo dira. Alde batetik, kulturzaleak@gmail.com mezu elektroniko bidali daiteke.

Horrez gain, azaroaren 23an, 18:30etik aurrera, lan-bilera bat egingo dute Herriko Plazako Aretoan, zereginak banatzeko eta ekitaldia antolatzeko.

Jarduera, gainera, duela urte batzuk Bilbon jaio zen eta Araban egoitzetako bat duen Fair Saturday nazioarteko jaialdiaren parte izango da. Laudiotik ere bat egingo dute kulturak gizartean duen paperaren aldarrikapen horrekin, Black Frydayak irudikatzen duen kontsumismo neurrigabearen aurrean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide