Hurrengo astelehenetik aurrera, martxoaren 31ra arte, Laudioko Garnica enpresan (Maderas de Llodio gisa ezagunagoa dena udalerrian) aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea egongo da indarrean. Zuzendaritzak ekoizpenaren jaitsiera argudiatu du, eskari faltagatik. Aurreikusi dute aste batez egingo dutela lan astelehenetik igandera arte eta hurrengo astean lantegia itxita egongo dela, printzipioz, urtea amaitu arte,
Fabrikako behargin orori eragingo dio neurriak, salbu gerenteari, eta enpresa batzordeak aurreratu du ez duela espedientea sinatuko. "LABek ez du sinatzen inoiz horrelako dokumenturik", adierazi du langileen ordezkari batek. Horregatik, agiri horretaz aparte, bestelako akordioa negoziatzen ari dira sindikatuak eta zuzendaritza.
Momentuz, hainbat puntutan adostasuna dago bi aldeen artean, baina talka sortzen du urtebeteko enplegu bermearen aldarrikapenak. Momentuz, enpresak ez du hori eskaini nahi. "Guretzat hori da garrantzitsuena", aipatu du sindikatuen iturri batek. Gaur langileen batzarra egin dute eta, antza, euren artean ados daude exijentzia horrekin.
Horretaz gain, orain arte, enpresak eta sindikatuek akordioa lortu dute hurrengo esparruetan:
- Enpresak soldatak %85era arte osatuko ditu.
- Aurretik erretiroa hartuko dutenei ez diete erretiroa hartzeko data atzeratuko.
- Oporrak zein ordainsariak %100ean ordainduko ditu Garnicak.