Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldetako alkateak elkartu dira gaur goizean Laudioko Lamuza Parkeko Kasinoan, EUDELen urteko azken batzar orokorra ospatzeko. Laudiokoa izan da tokiko agintaldi honetako azken ohiko bilera. Izan ere, 2023ko maiatzeko udal hauteskundeekin batera amaituko da egungo agintaldia.
Eskualdeko alkateen ordezkaritza zabal batek ere hartu du parte bilkuran; hala nola, Arrankudiaga-Zolloko, Amurrioko, Okondoko eta Laudioko alkateek. Encina Castresana Aiarako Kuadrillako lehendakaria ere bertan izan da.
Udalgintzarentzako aukera
Ander Añibarro Laudioko alkateak eman die ongi etorria bilkuran parte hartu duten tokiko ordezkari guztiei, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko elkarteburuak hartu du hitza jarraian. Urtaranek azpimarratu du "ziurgabetasunak" markatutako egungo testuingurua “Euskal udalgintzarentzat aukera-une bat" dela, eta aprobetxatu beharra dagoela.
Egungo agintaldiko azken ohiko bilkuran Urtaranek balioa eman nahi izan dio azken bi urteetan bizi izandako “aurrekaririk gabeko” egoeren aurrean beti lehen lerroan egon diren udalen “erantzun eredugarria", hala nola COVID-19aren pandemia edo Ukrainako errefuxiatuen harrera.
Lehentasunak eta erronkak
Gaurko bilkuran ere, Azpeitiko alkate Nagore Alkortak eta Jose Antonio Santano elkarteburuorde eta Irungo alkateak 2021eko urteko kontuak eta 2023ko ekitaldirako elkartearen aurrekontua aurkeztu dituzte. EUDELek 3.407.793,71 euroko aurrekontua izango du datorren urterako, eta horrekin batera urteko erronka nagusiak definitu dituzte ere.
Barne erronkei dagokionean, bi definitu dituzte: kohesio instituzionala eta kohesio emozionala. Lehenengoak "euskal udalen interes orokorren defentsa eta ordezkaritza" sustatzeari egiten dio erreferentzia; bigarrenak, aldiz, "euskal gizartearen balioak, balio demokratikoak eta Europako espiritua sustatzeari".
Tokiko administrazioetako lanpostuak egonkortzeko oinarri komunak ere ezarri dituzte gaurko bilkuran. Guztira, 3.477 plaza eskaini dituzte hiru lurraldeetako 234 tokiko erakundetan. EUDELek lurralde historiko bakoitzeko prozesu bateratuak koordinatzeko ardura bere gain hartuta, toki-erakunde guztiek dagozkien deialdiak gauzatu ahal izan ditzaten.
Herrialde-erronkak
Azkenik, herrialde-erronka bezala definitu dituzten hiru trantsizio prozesuei aurre egiteko beharra aldarrikatu du EUDELek: sozial-demografikoa, digitala-ekonomikoa eta energetiko-klimatikoa.
Hain zuzen ere, trantsizio-energetikoaren arloan energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin du EUDELek. “Udalok zeregin aktiboa eta giltzarria dugu klima-aldaketari aurre egiteko, gure udalerrietan berriztagarriak bultzatuz", aldarrikatu dute Kasinoko bilkuran. Bide horretan, arreta berezia jarriko dute Europako Next Generation funtsek ekar dezaketen finantzaketa lerroan. Honezkero, 187 udalek 122 milioi eurotik gorako kopurua jaso dute.