Eskualdeko hainbat sektoreetako langile eta eragileak batu dira SOS Aiaraldeak deitutako mobilizaziora. Azken egunotan bideoak sareratu dituzte Aiaraldeko Greba Batzordearen sare sozialetan, atxikimendua adierazteko.
Horien artean daude Aiaraldeko hainbat baserritar. Adierazpen bateratua plazaratu dute euren egoera salatu eta manifestaziora gerturatzeko deia luzatzeko. “Eskubide Sozialen Kartaren erreferentzia baino %11 gutxiago kobratzen dugu eta astean 40 ordu baino %10 eta %50 gehiago artean egiten dugu lan”, adierazi dute. Era berean, kexu dira sektorean ez dagoelako bizirauteko baldintzarik ezta erreleborik, eta horren ondorioz herritar askok baserriko lana utzi dutela azaldu dute. Horren erantzule “PNVren politika neoliberalak” jo dituzte, “ez baitute betetzen uzten Europako arauek esaten dutena osasun eta salmenta zuzenen inguruan”.
Halaber, jangeletako langileak ere mintzatu dira SOS Aiaraldeak deitutako mobilizazioaren eta “aberastasuna guztien artean” banatzearen alde. Adierazi dutenaren arabera, gehienek zentro publikoentzako lan egiten duten arren, den-denak enpresa pribatuetako langileak dira, eta horrek lan prekaritatea eragiten du: “Ratio oso altuekin egiten dugu lan eta horren ondorioz ezin ditugu haurrak nahiko genukeen bezala zaindu”. Gainera, salatu dute oso ordutegi murriztuak dituztela, 1:30 eta 2 ordu artean, haur eta lehen hezkuntzako umeei janaria zerbitzatzeko, “bi txandatan”. “Hezkuntza-sistemaren barruan ere, katearen azken katebegia gara, eta ez gaituzte hezkuntza-langiletzat hartzen, ez ikastetxetan ez eta ez kanpoan ere”, adierazi dute.
Laudioko Mugimendu Feministak ere zabaldu du mobilizazioan parte hartzeko deia, bideo honen bitartez:
📢 @laudiokomf -ko kideak ere batu dira ostiraleko deialdira.
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) November 14, 2022
➡️ Azaroak 18, ostirala, 19:00etan Laudioko Lamuza plazatik, mobilizazioa
Zuen aberastasuna gure miseria! ✊✊✊ pic.twitter.com/dS7dMEVplI
Manifestazioak larunbatean Hego Euskal Herrian
Larunbatean, azaroaren 19an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatu eta eragileek eta beste hainbat kolektibo eta sindikatuk “konfluentzia mobilizazioak” deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiru hiriburuetan.
Adierazi dutenaren arabera, manifestazioekin gaitzetsi nahi dute “egungo krisi sistemikoaren aurrean, botere publikoek duten alternatiba langile klasea pobretzean sakonduz pertsona gutxi batzuek gero eta aberastasun handiagoa metatzea, zerbitzu publikoak murriztea, emakumeak zaintza lan ikusezin aitortu gabekoetara kondenatzea eta planetako ekosistemak eta biodibertsitatea suntsitzea izatea”.
Astelehenean bertan plazaratutako oharrean adierazi bezala, “konponbidea posible bezain beharrezkoa” dela uste dute, eta elkarrekin borrokatzeko deia zabaldu dute, aberastasunaren banaketa justua lortzeko.
“Soldata eta pentsioen erosahalmena berreskuratzea eta hauek KPIaren arabera igotzea aldarrikatzen dugu; baita, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakalarekin amaitzea. Zerbitzu publiko unibertsalen bermea, pertsona guztientzat bizi-baldintza materialak, etxebizitza, energia, elikadura eta eskubide sozialak, besteak beste, ziurtatzeko eskaria da gurea. Bakearen aldeko agertzen gara ondorio lazgarriak izaten ari den eta areagotzen ari den agertoki beliko honen aurrean eta baliabide naturalak eta bizitza bermatzea exijitzen dugu”. Horiek lortzeko aldarrikapen zehatzen artean, 1.400 euroko soldata eta gutxieneko 1.080 euroko pentsio duinak exijitu dituzte, beste zenbait neurrien artean.