Oraingoan ere, jada bere ohiko ekoizlea bilakatu den dHastHBeats izan du bidelagun. Trap doinuak baliatu dituzte kantan, “trapari buruzko satira bat” egiteko.
LyriKaN-ek azaldu duenez, hainbat gai jorratzen ditu letrak. Itxurakeria da horietako bat. “Jende askok egiten ditu gero sostengatzen ez den zerbait izatearen plantak”, azaldu du sortzaile laudioarrak. Instagrameko argazkiak jarri ditu horren adibide moduan.
Drogei ere egiten die kritika: “Jende asko ezagutzen dut drogak kontsumitzen dituena. Ni ez nago drogaren aurka, baina bakoitzak jakin behar du zer egiten duen”.
Kantaren amaieran, aldiz, aldaketa dator. “Instrumentala aldatu egiten da eta nire ahotsari autotunea jartzen diot, nire barruko deabruei buruz hitz egiteko”.
LyriKaN pozik dago lortutako emaitzarekin. Azaldu duenez, “oso azkar” idatzi zuen abestia, “ordubetean”, eta lehen unetik izan zuen gogoko. Bideoklipak oso harrera ona izan duela nabarmendu du. “Jendek asko jarri da nirekin harremanetan, zoriontzeko”.