Indarkeria matxistaren aurkako pieza musikatu laburra eskaini zuten lehenbizi, La Oreja de Van Gogh taldearen No vales más que yo abestia soinu banda moduan baliatuta.
Aldarri serio horren ostean, umorera egin zuten salto aktore amateurrek, Soldaditos perezosos obrarekin. Bi bikoteren arteko ika-mika taularatu zuten, haurdun geratzeko trabak umorez landuta. Emanaldiek harrera ona izan zuten, ikusle ugari barrezka aritu baitziren hainbat pasarteetan, eta obraren amaieran txalo zaparrada eskaini zieten antzerki taldeko kideei.
Berez, Solastiar elkarteak antolatu zuen jarduera. Emakumeen elkarteko kideek eskerrak eman zieten Oihala Zabaltzeneko kideei, obra taularatzeko erakutsitako prestutasunagatik. Era berean, Udalari ere eman zioten eskerrak, espazioa lagatzeko orduan erakutsitako malgutasunagatik.