Nathy Peluso eta Jon Kortajarenarekin ‘Estás buenísimo’ bideoklipa grabatu du Saydi Lubanzadiok

Aitor Aspuru Saez 2022ko aza. 25a, 07:00
Saydi Lubanzadio (eskuman) Nathy Pelusoren alboan dantzatzen. / Nathy Peluso

Dantzari laudioarrak ibilbide meteorikoa egiten jarraitzen du eta dagoeneko beste mugarri bat jarri du bere ibilbidean, Nathy Peluso eta Jon Kortajarenakin lan eginda. Dena den, Lola Indigo proiektuan jarraitzen du.

26 urte baino ez ditu eta jadanik jende asko amestera ausartzen ez dena bete du Saydi Lubanzadiok. Esaterako, duela bi aste Nathy Peluso abeslariaren Estás buenísimo abestia eta bideoa estreinatu zuten eta hor dago laudioarra, argentinararren desio objektua den Jon Kortajarena modelo ezagunarekin batera. Bi izar horiek dira protagonistak bideoan, baina euren distira argiagoa eta indartsuagoa da atzean eta batzuetan aurrean mugitzen den dantza taldeari esker. Horien artean dago Saydi Lubanzadio, mugimenduak eta antzezpena uztartzen.

Izan ere, Estás buenísimo zorretan dago, argi eta garbi, Michael Jacksonen Thriller abestiarekin, baina bestelako eraginak ere sumatzen dira hiru minutuko metraian; West Side Story, Outsiders edota Rumble fish filmak, besteak beste. Ondorioz, koreografiak, giroa, argiztapena eta antzezpenak funtsezkoak dira eta Lubanzadiok primeran egiten du arlo guztietan.
Lan horrekin laudioarrak musika eta dantza munduan bere izena txertatzen jarraitzen du; gainera, azaldu beharra dago inork ez diola ezer oparitu bidean, lana eta zorte ona izan baitira bere sekretu bakarrak. Umea zelarik hasi zen balletean eta geroztik ez du amore eman, ikasten, trebatzen eta entseguak egiten. Batzuek oraindik gogoratuko dute Laudion bere zumba klaseak jaso izana, baina berehala egin zuen hegan eskualdetik. Parisera jo zuen dantza ikastera eta 2018an ospetsu izaten hasi zen Fama ¡a bailar! lehiaketagatik. 

Lola Indigo proiektuak eginiko lanak eman dio ospe handiena dantzari laudioarrari, baina beste hainbat egitasmotan ere aritu da azken urteetan

Handik gutxira, Miriam Doblasek, Lola Índigo bezala ezaguna den dantzari eta abeslariak, proposatu zion kanta batean dantzatzea. Muturreko eta azken orduko erronka izan zen. Lubanzadiok ez zuen aukerarik izan taldearekin saioak egiteko eta grabatutako bideo batekin ikasi behar izan zuen koreografia. Zailtasunak-zailtasun, abesti hori Yo ya no quiero ná izan zen. Egun 95 milioi ikustaldi baino gehiago ditu lan horrek Youtuben eta elkarlan luze baten hasiera izan da. 

Hain zuzen, hasierako taldean ez bazegoen ere, Lola Indigok erabaki zuen Lubanzadiori toki bat eskaintzea. Laudioarrak ez zuen zalantzarik izan eta abiadura bizian zihoan tren horrretara igo zen. Dantzari finkoa bilakatu da proiektuan eta Maria Becerra, La Mala Rodriguez edota Danna Paola artistekin ikus daiteke ere bideoetan. 

Lola Índigo

Bere kabuz zenbait lan egin baditu ere (Nathy Pelusorena berriki, baina aurretik Manu Carrascorekin edota Goya Sarien galan), proiekzio gehien eman dion jarduera izan da Lola Índigorena. Bira izugarriak egin dituzte 2021ean zein aurten. Palau Sant Jordi edota Wizink Center jendez beteta eta Los 40 Music Awards-etan egon dira azken hiru urteetan jarraian, sari bat baino gehiago jasotzeko; azkena duela hiru aste eskas. Miriam Doblasen esku geratzen dira aitortza horiek, baina abeslariak beti aipatzen ditu bere taldekideak eta  oholtzara igotzera gonbidatzen ditu, elkarlana azpimarratuta. Arrakastaz beteriko bide horretan, Lubanzadio bere markak hausten joan da (La niña de la escuela bideoklipak 221 milioi ikustaldi izan ditu) eta dibertimentua betebeharrekin nahastu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide