Laudioko Haur eta Nerabeen Udal Kontseilua egin dute gaur goizean Laudioko Udaletxean. Herriko ikastetxeetako 20 haurrek hartu dute parte dinamikan. Ander Añibarro alkateak egin die ongi-etorria, udal gobernuko zein opozisioko beste bost zinegotzirekin batera.
Jarraian abiatu dute ordu eta erdiz luzatu den ariketa. Ikasleak taldetan jarri dira, eta hiru gai eztabaidatu eta landu dituzte: gazteleku berria, berdintasunerako film labur bat egitea eta adingabeen mendekotasunei buruzko ikus-entzunezko lan bat egitea.
Hiru proiektu horietako bat aukeratu behar izan dute gazteek, lantzeko. Azkenean, Gaztelekuaren ideiaren alde lerratu dira, "eguraldi txarretik babestuta dagoen espazio egokia delako gazteentzat". Adierazi dutenez, adikzioen prebentzioa ere landuko dute, zeharka.
Bien bitartean, udal ordezkariek ere beste dinamika bat garatu dute. 'Dixit' izeneko karta jokoa baliatu dute, haur eta nerabeei begirako politiken inguruan eztabaidatzeko.
Laudioko Udalak azaldu du haur eta helduen arteko "irakaskuntza kolektiborako" gunea dela kontseilua. "Bertan, Laudioko bizitzan eta herritarrengan eragina duten gaiei buruz iritzia eman, baloratu eta ideiak proposatzen dira. Azken helburua erabakiak tokiko eremuan hartzea da, haur eta nerabeentzako udal-politikekin zerikusia duten gaietan, batez ere".