Laudiok 2023rako aurrekontuak onartu zituen iragan azaroaren 14an egindako ezohiko udal osoko bilkuran. Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE talde politikoek oposizioko Omnia alderdiaren babesa jaso zuten ere kontuak aurrera ateratzeko. Hain zuzen ere, oharra plazaratu du Omniak, akordioak erdiesteko Udal Gobernuak erakutsitako jarrera goraipatuz.
"Aldeko botoa eman dugu, izan ere, gure ekarpen gehienak Gobernu Taldeak onartu ditu eta, beraz, urteko aurrekontu horren parte izango dira", azaldu du Omniak aurrekontuen aldeko botoa. Aurkeztutako eta aurrekontuan txertatutako diru-partiden zerrenda luzea plazaratu du oposizioko Udal Taldeak, denak bere ekimenez sustatuak. Inbertsio horien artean honakoak aurkitzen dira: esparru estali berriak sortzeko partida; Santa Cruz zubiaren egitura-egoera aztertzea; udal instalazio, eraikin eta orubeetan energia berriztagarria muntatzea; bizilagunen komunitateek energia berriztagarriak instalatzea sustatzea; edota Ellakuriko igerilekuetako soropila berritzea.
Omniarekin konprometituta zeuden baina exekutatu gabe zeuden zenbait diru-partida ere gehitu dituzte udal aurrekontuetara; hala nola, Jesus Guridi plazaren konponketa, Lamuza Parkeko barandak jartzea eta udal GIS-a osatzea.
"Alderdi ez hain positiboa"
Halaber, badira Omniak negatibotzat jo dituen aspektuak; alde batetik, zabor-bilketaren tasa igo izana hauen sorrera xehatu gabe; bestetik, hiltegi berri bat zabaltzeko bideragarritasun azterketa bat aurrera eramateko partidarik txertatu ez izana.
Ia 25.000 euroko aurrekontuak izango ditu Laudiok datorren urtean, iaz onartutakoa %9,2 handituta. Omniaren ustean aurrekontua 600.000 euro handiagoa izan zitekeen jarduera ekonomikoaren gaineko zergan foru-arauak onartutako maximoa aplikatu izan balu Udalak. "12 urte behar izan ditugu zerga hau berrikusteko. Lehenago kasu egin izan baligute, gaur egun Antzokia ordainduta edo kiroldegi berri bat izan genezake, bildu gabeko bolumenaren adibide gisa", adierazi du Omniak oharrean.