Genero-berdintasunaren alde Laudio Groupeko enpresek duten konpromisoa aitortu eta berretsi zuten atzo 'Laudio Group Berdintasuna' jardunaldian, Laudioko Kasinoan, 10:30etik aurrera. Laudio Group osatzen duten hamazazpi enpresek jaso dute diploma, antolatzaileen esanetan, "genero-berdintasunaren erakusgarri" dena. Horrez gain, industria alorrean berdintasuna errazteko beka ere aurkeztu zuten.
Ekitaldiaren hasieran, genero berdintasunaren aldeko mezua helarazi zuten Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak eta Ander Añibarro Laudioko alkateak. Jarraian, Laudio Groupeko bi enpresaren bi bisoi ezagutzeko unea heldu zen, Amets enpresako zuzendari nagusi den Alazne Aldayturriagaren eta Santiago Garcia Talleres Abasolo zuzendari nagusiaren eskutik.
"Industria-sektorean gizonak nagusi izan badira ere, gero eta gehiago nabaritzen dut emakumeen presentzia. Ez da anekdotikoa", azaldu zuen Alazne Aldayturriagak. Jardunaldira bertaratu ziren ikasleentzako animo-mezua zabaldu zuen Aldayturriagak: "Laudioaldeko neskei mezu bat bidali nahiko nieke. Zuekin kontatu nahi dugu".
Berdintasunaren aldeko beka
Santiago Garciak, bere aldetik, emakumeak produkzio-sektorerako sarbidea errazteko Laudio Group beka aurkeztu zuen. "Ikasle horiei laguntza emango diegu, benetako inklusioa betetzen ari dela egiaztatzeko eta ikasle-bide horretan jarraitzen laguntzeko, gutxienez bi urte iraungo baitu", adierazi zuen Garciak.
Horren harira, "urte askotako lana" izango dela azpimarratu zuen Gorka Aguirrek, Laudio Groupeko presidenteak eta emakumeentzako gonbita luzatu zuen: "Gure ateak zabalik dituzue, enpresak ezagutzeko eta talde industrial honetako kide izateko".