Atzo inauguratu zuten ‘Jose Arrue’ erakusketa Lamuza parkeko Kultura Etxean

Jone Gartzia Gerra 2022ko aza. 25a, 15:53

Abenduaren 17ra arte bisitatu ahalko da Jose Arrueren sorkuntza artistikoa jasotzen duen erakusketa. Jatorrizko lanak eta zati didaktikoa ditu eta eskolentzako bisita gidatuak ere antolatu dituzte.

Eklipse argitsua deitu diote erakusketaren antolatzaileek Jose Arrueri (Bilbo 1885 – Laudio 1977). Gerra zibilak bete-betean markatu zuen bere bizitza pertsonal zein artistikoa. Politikoki eta sozialki konprometitutako gizona zen, ANVko militantea, eta aldarrikapenez bustitako kartelak, afixak eta komiki tirak publikatzen zituen zenbait egunkari eta aldizkaritan. Gerra zibilean Italiako tropek atxilotu eta bi urte eman zituen preso. Horren ostean, zerotik hastea erabaki zuen, eta orduan etorri zen Aretara, 1940an, eta Laudiora 1963an.

“Eklipsea, nahitazko argigetze hura, itzalaldia alegia, bere margo-lanetan ageri diren oskarbietako argi liluragarrietan itzaltzen da, poetikoak, artistikoak baitira. Argiak dio berriz ere laguntzen, bere margoak maite ditugunoi lagun egiten digu, bai eta, halaber, bera ezagutu eta berarekin gozatu ahal ukan zuten guztiei”, deskribatu du Javier Gutierrez Campañonek.

Erakusketa, bi zatitan

Jose Arrueren obra zabala jasotzeko, erakusketa bi zatitan banatu dute. Lehenengo partean artistaren jatorrizko obra ikusteko aukera egongo da: koadroak, margolanak, gouacheak, akuarelak… Goiko aldean, aldiz, erakusketa didaktiko bat prestatu dute, Jose Arrueren ibilbidearen inguruko informazioa jasotzen duten panelekin. Antolatzaileek azaldu dute Arrueren bizitzarekin hasten dela goiko erakusketa, bere familia, lagunak, ikasketak… azaltzearekin batera.

Jarraian, artistaren ibilbidea irudikatzen duten margolanak, zeramikak, afixak, prentsarako egindako marrazkiak, egutegiak, postalak, horma-irudiak, beira-irudiak... bildu dituzte.

Atzo bertan inauguratu zuten Jose Arrue erakusketa eta abenduaren 17ra bitartean bisitatu ahalko da, Lamuza parkeko Kultura Etxean. Gainera, eskoletako ikasleek bisita gidatuak egingo dituzte artista gertuagotik ezagutzeko.

Atzeko lana

Erakusketa hau hainbat pertsonaren urteetako lanaren emaitza da. Alde batetik, Jose Arrueren biloba den Nati Arruek urteak daramatza josearrue.org webgunea zuzentzen, artistaren beste zenbait jarraitzailerekin batera. Bertan, Arrueren inguruko informazioa eta mota guztietako lanak biltzen dituzte.

Hori horrela, Laudioko Udalak Sant-Roque Anaidiari galdegin zionean Arrueri buruzko erakusketa bat egin nahi zuen, segituan osatu zuten batzordea. Horren parte izan dira, besteren artean, Jose Maria Castillo argazkigintza teknikaria eta Javier Reguera Ardanza eta Javier Garcia Uzal dokumentalistak, horiek ere aipatutako webgunea urte luzez elikatu dutenak.

Erakusketa prestatzeko instituzioen, museoen eta jabeen laguntza izan dutela adierazi dute, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete koadroak laga dizkietenei, laguntza ekonomikoa eman dietenei, erredakzio eta itzulpen lanetan aritu direnei eta lana erraztu dieten guztiei.

Argazkiak: Migel Brizuela

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide