EH Bilduk Espainiako Estatuko gobernuarekin aste honetan sinatutako aurrekontu-akordioari esker, bi milioi euro bideratuko dituzte Laudioko 'Leku' Antzokia egikaritzeko lanetara. Gauzak horrela, Udalak erdira murriztua ikusiko du proiektuari egin beharreko ekarpen ekonomikoa, lau milioi eurotik bi milioi eurora pasatuz.
Laudioko etorkizuneko 'Leku' (Laudioko Ekintza eta Kultura Unea) Antzokiko obrak iragan astean bertan esleitu zituen Tokiko Gobernuak. Proiektuak 6,5 milioi euroko aurrekontua du. Gainerako administrazioekin lortutako akordioari esker, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro jarriko ditu; eta Arabako Foru Aldundiak, aldiz, bi milioi euro. Gainerako lau milioi euroak Udalari zegozkion, baina Madrilen EH Bilduk PSOErekin sinatutako akordioari esker, erdira murriztu dute kantitate hori.
“Pozten gara beste erakunde batek gure udalerriarentzat beharrezkoa zen baina inbertsio handia egiten zuen azpiegitura baten finantzaketan parte hartzeaz. Orain, bi milioi euro horiek gure bizilagunen beste behar batzuei erantzuteko erabili ahal izango ditu Udalak”, azaldu du Nagore Gomara zinegotziak.
Leku Antzokia
Laudioko Ekintza eta Kultura gunea 500 lagunentzako edukiera izango duen Antzokia izango da, eta Lateorro auzoan eraikiko dute azpiegitura. Espazioak erabilera anitzeko aretoak eta kafetegi bat ere izango ditu. Aurreikuspenen arabera, 2024aren amaieran inauguratuko dute.