Laudioko Ligaren ondotik, ekimen berezia burutu zuen Laudio Padel Klubak larunbatean. Hain zuzen, egun osoko torneoa antolatu zuten azaroaren 26an, genero indarkeriaren aurka. Lehenbizikoz, emakumeentzat bakarrik prestatu zuten ekintza. Hala, hiru multzotan kokatu zituzten jokalariak, mailaren arabera, eta egun osoan zehar aritu ziren padel partidak jokatzen.
Izar Mendigurenek eta Iraia Escandonek irabazi zuten torneoa, egun osoko torneo jardunaldiaren ondotik. Laudio Padel Klubak "oso positiboki" baloratu du ekimena
"Klubetik oso balorazio positiboa egiten dugu, helburuak bete baitira: azaroaren 25ari ikusgarritasuna ematea eta emakumeen kirola bultzatzea", adierazi dute, "gizonek baino gutxiago jokatzen dute, eta torneo propioa egin nahi genuen; orain artekoak mistoak izan baitira". 9:00etan hasi ziren norgehiagokak, eta 20:00etan bukatu. "Egun osoan zehar padelaz gozatzeko aukera egon zen", nabarmendu dute. Orotara, 12 bikotek eman zuten izena, 24 emakumek: "Maila ona egon zen, Laudioko ohiko jokalariez gain Amurrio, Luiaondo eta Arrigorriagatik ere hurbildu ziren jolastera".
Hiru fase
Hiru fasetan bereizi zuten ekimena: kanporaketak, finalerdiak eta finala. Iraia Escandonek eta Izar Mendigurenek irabazi zuten txapelketa.
Laudio Padel Klubak azpimarratu duenez, baina, 12 bikotek bakarrik hartu ahal izan dute parte: "Bi pista baino ez ditugu, eta kanpoan geratu da jendea. Hiru edo lau pista baleude, gehiago animatuko liratezke". Zentzu horretan, erantsi dute Laudioko Udalari eskaera egin diotela: "Momentuz badirudi ez dagoela aukerarik, baina eskatzen jarraituko dugu".