Urriaren 14ko gauean etxera heldu zenean, Aretako bizilagun batek atea behartuta eta irekita zuela sumatu zuen. Barruan bere pisukidea zaurituta topatu zuen; buruan lesioak eta odola zituen. Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren eta erasoa jasan zuena Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten artatzera.
Poliziak egindako ikerketen ondorioz, atzo Ugaon 48 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, etxean indarrez sartzea, lesioak eragitea eta indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Operazioan karabina bat eta errebolber bat aurkitu zituzten bere etxean eta ibilgailuan, Txakurren Unitatearen bitartez. Errebolberra simulatua da, baina, ertzainen ustez, ustezko erasotzaileak biktimari kolpeak emateko eta telefonoa lapurtzeko erabili zuen.
Berez, atxilotuak aurrekariak ditu lesio-delituengatik eta armak zilegi ez den moduan edukitzeagatik. Ertzaintzak iradoki du biktimarekin izandako tirabira baten ondorioz izan zela erasoa.