"Vidralaren plantilla abenduaren 7an eta 9an aterako da grebara, konpainiaren kaleratzeak eta lan-harreman txarrak salatzeko". Hala adierazi du Enpresa Batzordeak prentsa oharrean. "Vidrala enpresak (Laudio) enpresako langile bat kaleratu berri duela jakinarazi du. Horrekin, dagoeneko 5 langile kaleratu dira azken hilabeteetan", azpimarratu dute.
"Vidrala enpresak (Laudio) enpresako langile bat kaleratu berri duela jakinarazi du. Horrekin, dagoeneko 5 langile kaleratu dira azken hilabeteetan", salatu du Enpresa Batzordeak
Enpresa Batzordearen aburuz, kaleratzeko arrazoiek "ez dute inolako sinesgarritasunik", eta justifikatu gabeak dira. ELA sindikatuak enpresaren jarrera salatu du: "Komunikabideetan albiste onekin, bere onura handi eta etengabeekin eta planta berriak erosiko dituela iragarriz ateratzeko ohitura duen enpresa honek, gehiegikeriaz tratatzen ditu bere langileak, eta beldurra kaleratze arbitrario eta justifikaziorik gabekoen bidez ezartzen du".
Ildo beretik, erantsi dute fabrikako zuzendaritzak lan baldintzak indibidualizatzeko politikan diharduela, "enpresako hitzarmen kolektiboaren eraginpeko langileak gero eta gehiago murriztuz, langileekin banan-banan negoziatuz. Horrela, soldata-eskala ugari eta lan-baldintzen prekarizazioa sortzen dira".
9 ordezkari sindikalek osatzen dute Enpresa Batzordea, eta guztiak dira ELA sindikatukoak.