Aurreko urteetan bezala, bertso saioa antolatu du Laudioko Udaleko Euskara Sailak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Oraingoan ere, goi-mailako bertsolariak igo dira Lamuza parkeko oholtzara: Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Unai Iturriaga eta Etxahun Lekue. Gai-jartzaile moduan, aldiz, Serapio Lopez baranbioarra egon da.
Gai bitxiak proposatu dizkie Lopezek bertsolariei. Irulegiko eskuaren aurkikuntzari buruz hausnartzea eskatu die lehenbizi, baina oso bestelako gaiak atera ditu gero. Lujanbio eta Ibarzabali, adibidez, Iturriaga eta Lekueren "gorpu hilak disekzionatzea" egokitu zaie.
Ondoren, Serapio Lopezek erronka bat proposatu die Lujanbio eta Iturriagari: ahalik eta onomatopeia gehien sartzea bertsotan. Ibarzabal eta Lekue, aldiz, '-aldi' eta '-katu' atzikiak ahalik eta gehien erabiltzea izan dute helburu.
Hemendik bi astera lehiatuko den Txapelketa Nagusia ere izan dute hizpide. Iturriaga txaman bilakatu da eta Lekue, aldiz, futurologo. Lujanbio aldiz, txapeldun gisa egin du bertsotan, eta gauza bera egin behar izan dute hirurek: Ibarzabali aholkuak ematea bere lehen Txapelketa Nagusiari ahalik eta hobekien aurre egiteko.
Dozenaka herritar bertaratu dira emanaldiaz gozatzera, Kasinoko areto zabalari berotasuna ematen.