Renfe eta Adif enpresen tren zerbitzua eten da Aiaraldean. Gaur 16:00ak baino lehen tren bat -Urduñako norabidean- gelditu da Aretako geltokian eta ez dio bere ibilbideari berriro ekin. Barruan zegoen bidaiari batek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari hamar minutu egon direla informaziorik jaso gabe eta bat-batean, gidariak jakinarazi duela bidaia eteten zela, "Adif enpresaren gertakari baten ondorioz".
Enpresako langileek adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari komunikazioak bertan behera geratu direla C-3 osoan.
Enpresak ez du informazio gehiagorik eman eta bidaiariek unitatea utzi dute. Ez Renfek ez Adifek ez dute datu gehigarririk argitaratu euren sare sozialetan, non horrelako informazio zabaltzen duten. Edonola ere, bi orduz ez da tren zerbitzurik egon.
18:00etan tren zerbitzua 10-15 minutu inguruko atzerapenekin ari zen funtzionatzen C-3 linean eta gero bere onera itzuli da.