Gaur goizean Kokoriko Hezkuntza Faktoriak eta Kirikino Aisialdi Taldeak jostailuak trukatzeko parada emango dute Faktorian. Ekimena Neguko Truke Azokaren edizio berria da -iaz ere egin zen- eta bere helburua, besteak beste, kontsumo ohiturak aldatzea da, erabiltzen ez diren jostailuei beste bizitza bat eskaintzeko eta beste batzuk, ordea, berrerabiltzeko.
"Dibertimendu jasangarriagoa bultzatu" nahi dute horrela, "kontsumismoa eta xahuketa alde batera utzita", azaldu du Aritz Lili Kokorikoko kideak.
Printzipioz, trukeen sistema erraza izango da, ematen den jostailu bakoitzagatik txartela jasoko dute umeek eta horiek baliatu ahal izango dituzte beste jostailu bat eskuratzeko.
Edonola ere, azoka aitzakia izango da familiek goiza elkarrekin igarotzeko. Horrela, 10:30etik 11:00ak arte jostailuak jasoko dituzte (aurretik hori egiteko tartea ere egon da), 11:30etik 13:00ak bitartean trukeari ekingo diote eta 12:00etan hamaiketakoa egongo da. Gainera, Mirikik ipuinak kontatuko ditu 12:30ean.