SOS Laudioko Lamuza Parkea

"600 sinadura lortu behar ditugu Lamuza Parkerako Plan Berezia egin dadin, abenduaren 16a baino lehen"

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 7a, 12:30

Kulturlab kolektiboko kideak bozkatzeko bete behar den agiriarekin. / Aiaraldea.eus

PEKE JAEN, MARISA SANCHEZ, ALICIA TORRE, CONCHI GAVILANES, SABINO ARANZABAL, IZASKUN ALONSO, ADOLFO GUERRERO, LUISAN GARCIA eta XABIER GOROSTIAGA dira Kulturlab kolektiboko kideak eta duela egun gutxi premiazko deialdia zabaldu dute Aiaraldeko herritarrek botoa eman dezaten Lamuza Parkerako Plan Berezia osatu dezan Arabako Foru Aldundiak.

Premiazko deialdia egin diezue Laudioko zein Aiaraldeko herritarrei. Zergatik?

Arabako Aldundiak orain dela pare bat hilabete martxan jarri zuen 2023ko aurrekontuentzako prozesu partehartzailea, eta guk Lamuza Parkerako proposamena aurkeztu genuen. 

Handik hona berririk ez dugu izan, eta pasa den ostegun gauean Gasteizko komunikabide digital baten bitartez ikusi genuen jada bozkatzeko prozedura abian jarri dela. Gauza da hori ezagutzerakoan prozesuaren informazio guztia arakatzen jarri ginela berehala, gau hartan bertan, eta ikusi genuen edozein proiektu aurrera ateratzeko abenduaren 16a baino lehenago Kuadrillako biztanlegoan enpadronatutako %2ko minimoa gainditu behar zela aurrera atera ahal izateko.

"Abenduaren 16a baino lehena Kuadrillako biztanlegoan enpadronatutako %2ko minimoa gainditu behar da Arabako Foru Aldundiak Lamuza Parkerako Plan Berezia egin dezan"

Hori horrela izanik, premiazko deia egin genuen, denbora gutxi eta bozka asko lortu behar genituelako (600 inguru), eta bozkatzeko prozesua nahiko korapilatsua dela kontutan izanik, erronka hori ez zelako bat ere erreza izango. Ez zuen balio ohiko sinadura bilketa egitea, premiazko deia behar zen helburua lortu ahal izateko.

Bozkatzeko prozesua ez da bat ere erraza. Nola egin daiteke?

Bozketa bat baino, prozedura administratibo konplexu bat da, egia esateko. 

Ulertzen dugu horren helburua prozesuaren berme guztiak zaintzea izango dela, eta agian lehenengo urtea izanik, oraindik ere eskarmentu gutxi edo tresna elektroniko gutxi dituztela, eta hainbat prozedura burokratikoetan ohikoa den mekanismo bat erabili behar izan dutela, baina gizartearentzat erabat konplikatua den zerbait da.

Bi aukera daude, edo presentziala edo online egitea. 

Lehenengoa egiteko (presentziala), Udaletxeko HAZ arreta zerbitzuetatik pasatu behar da, NANa gainean eramanda. Bertan, erregistroan bozketa egin behar da, paper bat bete eta aurkeztuta. 

Prozedura azkartu eta errezteko, 1.000 inprimaki atera ditugu paperean, eta mezu guztietan PDF bat atxikitzen dugu, inprimatu ahal izateko HAZ zerbitzura joan baino lehen, bozketa eta datu batzuk jada aurre-idatziak dituztenak, eta berau banatzen ari gara hainbat elkarte eta lekutan. 

"Bozkatzeko prozesua korapilatsua da, berme guztiak izan ditzan"

HAZ zerbitzuan bertan ere ehunka batzuk utziko ditugu, bertaratzen denari eta HAZeko langileei gauzak errezteko. Kontuan izan behar dugu bozketa fisikoa egiteko astelehenetik ostilarera goizeko 8etatik 14:30etara fisikoki udaletxera bertaratzeko aukera izan behar duzula.

Bigarrena egiteko (online), Aldundiaren tramiteak egiteko ohiko tresna berdina erabili behar da. Interneten "Arabako aurrekontu partehartzaileak" bilatu, "BOZKATU" botoia beherago bilatu eta sakatu, eta hasteko zure identifikazio digitala sartzea eskatuko dizu (NAN elektronikoa, IZENPE txartela edo BAKQ identifikazio digitala). 

Asko dira tramite administratiboak (lanekoak, ikasketetakoak, bekak, ogasuna, e.a.) egiteko jada identifikazio horiek dituzten aiaraldearrak, baina ez biztanlego osoa. Tramitea (kasu honetan bozketa) egiterakoan gauza "arraro" batzuk topatuko dituzue: batetik, "BOZKATU" botoian aurrera egiterakoan eta identifikatu ondoren, topatuko duzun hurrengo urratsa "IZAPIDETU" botoia izango dela, eta horri eman beharko diozula aurrera jarraitzeko. 

Bigarrena, aurrera jarraitzeko "IMPRIMAKIA BETE" botoia sakatu beharko duzula. Ondoren, bertan agertzen den taulatxoan, 5. lerroan agertzen den "Lamuzako gunea berreskuratzeko plan berezi eguneratu berria" lerroko eskumako laukitxoan 3  bat jarri beharko duzu, beheko nahitaezko laukitxoetan sakatu eta "Gorde zirriborroa eta jarraitu" beheko botoiari eman, eta azkenengo pantailan "Erantsi fitxategiak" jarri arren, bozketaren kasuan ez duzu ezer egin beharrik eta zuzenean behean eskuman agertzen den "Gorde zirriborroa eta jarraitu" botoia berriro sakatu eta orduan bai... froga gainditzea lortuko duzu.

Beno, ikusten duzuenez, prozedura ez da ohiko jaietako kartelen bozketetan edo prozesu partehartzaileetan erabiltzen den horietakoa, edo sinadura bilketetan erabiltzen dena, prozesu administratiboetan erabiltzen den prozedura zorrotza baizik. Horrek asko konplikatzen du helburua lortzea, baina balore izugarria emango die lortuko diren bozkei.

Zergatik atera da plan hau berriro mahai gainera, zein da bere aurrekaria eta zergatik ez zenuten bat egin aurreko egitasmoarekin, 2009koa?

Guk interesa handia genuen 2009ko planarekin. SOS Parkea plataforman ibili ginenak antolatu genuen hitzaldi bat (Udalak egin ez zuena bere garaian) plan hori egin zuen arkitekto taldearekin, zehaztasun guztiak ezagutzeko. 

Oso hitzaldi interesgarria izan zen, eta arkitektoekin egotea oso aberasgarria izan zen. Egia esateko, udaletxean eta Aldundian ez zekiten oso ongi zer onartu zuten eta zertarako. Legegintzaldietan pertsonen aldaketak ematen dira, eta batetik bestera ez dago trasmisiorik, ez dago proiektu amankomunik.

Baina plan hori zaharkitua geratu zen oso azkar, 2011ko krisialdia etorri zelako, Arabako Foru Aldundiaren gobernuan aldaketa egon zelako eta alde batera uztea erabaki zutelako. Horren ondorioa dira ondoren Lamuza parkeko eraikinak birgaitzeko onartu ziren diru partidak eta lanak, baina hor geratu zen planarekiko lotura.

Eta 13 urte pasa direnean plan hori onartu zenetik, uste dugu plan berri eguneratu bat egiteko garaia iritsi dela. Eta hori egingo balitz, ondo legoke aurrekoa egiterakoan eman ziren akats batzuk konpontzea, noski.

Lamuza parkean obrak egiten ari dira aspaldi, baina zuek oso kritikoak izan zarete, zergatik?

Gu saiatzen gara kritika eraikitzaileak egiten beti. Uste dugu gure helburua aurrera ateratzeko elkarlan handia behar izango dela erakunde eta herritarren artean, eta hori arduratsuak izatera behartzen gaitu. Baina esan beharreko gauza guztiak esaten saiatzen gara, errespetuz eta eraikitzaileak izateko helburu horrekin.

Eta gauza batzuk ez ditugu bat ere gustoko izan orain arte egindakoari dagokionez, eta beti esan ditugu, lehen SOS Parkeko plataforman parte hartu izan genuenok, eta baita ondoren KULTURLABen parte hartzen ari garenok ere.

"Lamuza Parkea osotasunean aztertu eta landu behar da, ez eraikin bakoitza banan banan"

Egindako obrei beti egin izan diogun kritika izan da plan orokor integral baten falta dagoela. Parkea bera bere osotasunean aztertu eta landu behar da, eta ez eraikin bakoitza banan banan. Sistema oso bat antolatu behar da, eta hori ez da egin.

Eskatu dugu ere erakundeen, kultur eragileen eta erakundeen sail ezberdinen artean elkarlana egiteko foroa, eta hori ere ez da sortu oraindik. 

Egindako obrei ekarpen tekniko oso interesgarriak egin dizkiegu, Laudioko arkitekto eta teknikari boluntario batzuen bitartez, eta ez dira kontuan hartuak izan. Orain, adibidez Kasinoan horiek ordaintzen ari gara edo ordaindu behar izan dira (hezetasuna, soinuztapen txarra, berogailu sistema desegokia, kanpora ateratzeko lotura eta konexio zuzenak ez izatea, biltegi eta kamerino falta...).

Kultura Etxearen kasuan, ekarpenak jasotzeko epe bat ireki zen Aldundiko arkitektoekin, baina ez zen elkarlanik eman. Egindako ekarpenak Laudioko Udalaren bitartez bidali ziren Gasteizera, eta beraiek batzuk onartu zituzten, eta beste batzuk ez. Laudion zer egingo zuten azaltzeko aurkezpen bat besterik ez zuten egin, hilabete batzuk beranduago.

Hori ez da partehartzea ez elkarlana. Hori ideiak jasotzeko bide bat irekitzea baino ez da. Zorionez, gauza batzuk onartuak izan ziren, baina beste batzuk ez, eta aurkezpenera Gasteizko arkitektoak etorri zirenean, beraiekin minutu batzuk egonda, pena handiz onartzen zuten beraiek proiektua bere osotasunean ulertzeko eta gure proposamenen zergaitiak ulertzeko bilera eta elkarlana faltan bota zutela. Gauzak ezin dira horrela egiten jarraitu, hori aldatu egin behar da lehenbailehen.

Azkenengo kritika Kultura Etxeko eraikina 5 urtez itxita egoteagatik izan da. Hasiera hasieratik (SOS Parketik) esan genuen trantsiziozko hirigintza baten aldekoak ginela, eta gauzak faseka eta zatika egitearen aldekoak, lanak aurrera eramateak parkea desaktibatzea ekarri beharrean, justu kontrakoa egiteko, lanak beraiek etorkizuna irudikatu, bultzatu eta eraldatzen hasteko baliogarriak izateko. 

Ez da asmakizun bat, leku askotan egiten ari da, eta gure eredurik gertukoena (beraiekin bilerak egin genituen eta) Gasteizko katedral zaharrarena da. Urtetan lanean egon arren, "lanengatik irekia" egon da denbora osoan, bisita gidatuak egiten, tailerrak, mintegiak, eta abar, lanak egikaritzen ziren bitartean.

Eta gure eraikinak guztiz aproposak ziren horretarako, Kultura Etxeko eraikin handiaren obra 3 zatitan banatu eta obrak lantzerakoan berton zegoen jendea Frontoiko etxean (hutsik zegoena garai hartan) kokatuta. 

Eta, bitartean, Kultura Etxean topaguneak, erakusgelak, kafetegia, eta abar luze bat egin, eta kulturari bultzada eta berpizte izugarria emanez. Baina ez da horretarako borondaterik edo gaitasunik egon udaletxearen aldetik, eta erabakia izan da kultura sakabanatzea hutsik zeuden hainbat lokaletan, eta parke hustutzea urte luzez, hori ekartzen ari den guztiarekin.

Bestelako parkea aldarrikatzen duzue. Zein da zuen proposamena?

Gure proposamena ez da zehatza, ez dago itxita. Kulturkon prozesutik ateratako ondorioekin txosten bat egin genuen eta talde politiko guztiei banatu genien. Hori batzutan kalera ateratzen dugun olana erraldoian jasota dago, oso modu laburrean.

Batez ere, kultura sorkuntza berritzaileei tokia ematean, topagune eta elkarlanerako espazioa bihurtzean, modernizatzean eta gazteen sormen adierazpenei aukera ematean eta parkea bere osotasunean ulertzean datza gakoa. Kultura bultzatzeko espazio erakargarri eta naturarekin lotu bat sortzea, eta kultura sortzaileen artean zein gizartearekin harremanak indartzeko gunea izatea. 

Ez izatea gela isolatuetan eta elkarrekin egoteko tokirik ez duen gune bat, itxita dagoena eta inguruko parkearekin loturarik ez duena.

Pentsatzen dugu parkea ez dela bakarrik gaur egungo 3 eraikinak, badaudela ere aukera asko, eraikin berri txukun eta erakargarri batzuk egiteko, eta baita parkea bera indartzeko eta hobetzeko ere: errekarekiko lotura, botanikaren ezagutza eta babesa, Arraño mendiarekiko lotura... eta guzti hori sormena eta kultura bultzatuz. 

Ahaztu gabe elkarlanetik sortu diren aukera berriak, Bizkaia kaleko lurzoruan kultur-frontoia, musika etxea, erakusgela profesional bat edo gazteentzako liburutegi bat sortzeko egon daitezkeen aukera berriak.

Zehazki, zer uste duzue falta dela plan integrala eta egokia izateko?

Guk edozein plan babesteko baldintza bakar bat jarri dugu beti: laudioarren eta kulturan interesa duten laudioar elkarte eta pertsonen partehartzearekin burutua izatea. 2013an Kulturaren Diagnostikoa egin zen. 2016. urtean Laudioko Kulturaren mapeoa burutu zen. Orain dela urte bat Laudioko Kulturaren Plangintza Estrategikoa gauzatu da, eta bertan ideia eta proposamen asko atera dira, ondorio argi batzuekin. 

Gaur egun -2008an gertatzen ez zena- arkitektura, hirigintza, paisajismo edo kultur kudeaketaren edozein profesionalek du prozesu partehartzaile egokiak eta sakonak egiteko gaitasuna. Eta erakundeek horretarako borondatea badute, aukerak daude prozesu oso aberasgarriak egiteko.

Hori da eskatzen dugun gauza bakarra. Guztion artean egindako zerbait izatea, hemendik aurrera, erakundeetan pertsonen aldaketa politikoak edo teknikoak egoterakoan (beti egoten direla) plana indarrean jarraitzeko, babesarekin, ezagutzarekin eta aurrera ateratzeko borondatearekin.

Bestela parkea, gure erakundeeentzat, hor dagoen "molestia" bat izango da beti, nola aurre egin jakin gabe, eta etorkizuneko proiekturik gabe. Eta guk uste dugu parkea sekulako altxor natural-ekologikoa, kulturala eta arkitektonikoa dela eta gure herria dinamizatzeko tresna hobezina izan daitekela, behar bezalako plangintza adosteko gai bagara guztion artean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide