ZOZKETA

Miren Agur Meaberen 'Begiak zerumugan' olerki eta musika ikuskizunerako sarrera bikoitza zozkatuko du Aiaraldea Komunikabideak

Erredakzioa 2022ko abe. 9a, 07:00

Dana Moyak laguntzen du Miren Agur Meabe zuzenean musikarekin. / Bira Kultura Gunea

Emakume Sortzaileen Zikloa bukatuko dute datorren abenduaren 16an. Horretarako, Miren Agur Meabe olerkaria eta Dana Moya pianojolea egongo dira oholtzan, kantak eta poesia uztarturik.

Miren Agur Meabek eta Dana Moyak urrezko amaiera emango diote Emakume Sortzaileen Zikloari, olerkia eta musika nahastuko duen Begiak zerumugan ikuskizunarekin. Emanaldiak barne bidaia proposatuko dio publikoari eta horretarako Meaberen poemak eta Moyaren musika izango du -pianoan-. Aiaraldea Komunikabideak aukera emango du sarrera bikoitza eskuratzeko. Ekitaldia abenduaren 16an izango da, 20:00etan Faktorian eta sarrerak salgai daude Faktoria.eus webgunean.

Hain zuzen, 2020an argitaratutako izen bereko olerki bilduma baliatzen du Meabek oinarri gisa lan honetan. Osagarri moduan Dana Moya kubatarra du. Musikariak euskal olerkariekin elkarlanak izan ditu aurretik, Joseba Sarrionandiarekin, besteak beste.

Gogoratu beharra dago Miren Agur Meabek 2021ean irabazi zuela Espainiako Poesia Saria Nola gorde errautsak kolkoan lanari esker eta mugarria jarri zuen horrela, lehen aldia baita euskarazko testu batek aitortza hori jasotzen duela.

Edonola ere, idazle lekeitiarrak ibilbide luzea egin du hori lortu baino lehen. 1986an argitaratu zuen estreineko aldiz eta 2000. urtetik aurrera ekoizpen handiaren arduraduna izan da bai haur eta gazte literaturan, zein narrazioan edo olerkian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide