UZTAI LARGATXA RAMILA

“Iruditzen zait gaur egungo osasun sistemaren desegite isila burutzen ari direla, etorkizunean pribatizaziora jotzeko helburuarekin”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abe. 9a, 13:32

Donostialdeko ESIan egiten du lan Uztai Largatxa Ramilak.

ESI Donostialdean lan egiten du UZTAI LARGATXA RAMILAk (Laudio, 1993), familia mediku moduan, Berauneko Osasun Zentroan eta Donostia Unibertsitate Ospitalean. Bertan azken egunetan eztanda egin duen krisiari eta osasun sistema publikoaren egoera orokorrari buruz mintzatu gara berarekin. 

Donostialdeko ESIko krisiak komunikabide guztietako titularretara egin du salto. Nola bizi duzue egoera barrutik?

Gutxinaka ari gara jasotzen informazioa, komunikabideen zein ospitale barneko txutxu-mutxuen bitartez. Jakin badakigu gai asko daudela gertatutakoaren atzetik: Donostiako ospitalea puntakoa den prozedura kirurgiko batzuen deszentralizazioa, Onkologiaren integrazioaren inguruko afera…

Erabaki ugari ari dira hartzen gure ESIan eta pentsatzen dut, Osasun Sailak bere ildo politiko eta teknikoarekin lerrotutako zuzendaritza nahi duela horietan lan egiteko.

Dena dela, gogoratu beharra dago kargu horiek ez direla meritu bidez okupatzen; beraz, ez da harritzekoa kontrakoa ere arrazoi berdinengatik gertatzea. 

“Erabaki ugari ari dira hartzen gure ESIan eta pentsatzen dut, Osasun Sailak bere ildo politiko eta teknikoarekin lerrotutako zuzendaritza nahi duela horietan lan egiteko. Dena dela, gogoratu beharra dago kargu horiek ez direla meritu bidez okupatzen; beraz, ez da harritzekoa kontrakoa ere arrazoi berdinengatik gertatzea”

Zer irakurketa egingo zenuke gertatutakoaren inguruan?

Esan bezala, hainbat gairen inguruan izandako liskarren metatzearen emaitza dela uste dut, baina azken hilabeteetako eztabaidak Onkologikoak zentratuko zituela esango nuke. Iruditzen zaidanarengatik, beste behin ere, erabaki politiko-teknikoek eta medikoek talka egin dute: ESI propio bat bezala kudeatzea alor ugaritako espezialistarik ez dagoenean bertan, gure ospitaletik banatzen duen 100-200 metroko distantzia burutzeko anbulantzia zerbitzua kontratatzea… Sentsazioa dut Osakidetzan arazoei partxeak jartzen zaizkiela konponbideak bilatu beharrean.

Osakidetza pribatizazioranzko bidea hartzen ari dela salatu dute hainbat eragilek. Hala ikusten duzu zuk?

Aspalditik ditu Osakidetzak hainbat zerbitzu pribatizatuta. Esaterako, erresonantzia magnetikoak Osatek enpresak kudeatzen ditu. Gure ESIan, zehazki, bihotz-kirurgia zerbitzua Poliklinikan (Quirón) kokatua dago eta artatutako paziente bakoitzeko ordaintzen dio Osakidetzak.

Bestalde, ez nuke esango errekurtsoak pribatizatzen ari direnik zuzenean une honetan. Iruditzen zait gaur egungo sistemaren desegite isila burutzen ari direla etorkizunean pribatizaziora jotzeko helburuarekin, beste leku batzuetan erabili izan den estrategia bera erabilita horretarako: langile zein zerbitzuen saturazioari eta arretaren kaltetzeari aurrera egiten utziz itzulerarik gabeko puntura hurbildu gaituzte. Hori gutxi balitz, osasun-sistema eredu komertzial batean murgildu nahian dabiltza, zeinetan pazienteak (bezeroak) nahi duena nahi duenean eskuratu behar duen. Osasun-sistema publikoaren kontzeptuarekin talka zuzenean dagoen ideia da aurrekoa, gure lanaren funtsa ekitatean oinarritua baitago. 

“Azken urtetan ez dira nahikoa familia mediku formatu jada hasia den jubilazio-uholdeari aurre egin ahal izateko. Osasun-langileen artean aski ezaguna zen hori gertatu behar zela; ezin dut sinistu Osasun Sailak ezer ez zekienik”

Hainbat urte daramatzazu jada Donostialdeako ESIan lanean. Zer nolako bilakaera ikusi duzu azken urteetan?

Familia eta komunitate egoiliarra naizen heinetik, bertan bizi dugunari buruz hitz egingo dut eta zera datorkit burura: gainkarga. Azkenengo hamarkadan zehar langileen nahi eta esfortzuari esker egin du aurrera Osakidetzak, horiek gabe ezinezkoa zelako lana aurrera ateratzea. Horri helduta, bi inflexio puntu ikusten ditut nik gaur egun: alde batetik, pandemia garaian osasun-sistemak bizi izan duen presio handiak sortutako nekea; bestetik, aurreikusi gabeko jubilazioak. Azken urtetan ez dira nahikoa familia mediku formatu jada hasia den jubilazio-uholdeari aurre egin ahal izateko. Osasun-langileen artean aski ezaguna zen hori gertatu behar zela; ezin dut sinistu Osasun Sailak ezer ez zekienik.

Itxaron zerrenda luzeak, telefono bidezko asistentzia… aldaketa ugari egon dira osasun-sistema publikoaren funtzionamenduan azken hilabeteetan. Nola bizi izan duzu zuk barrutik?

Lehen arreta ahuldu batek patologia asko bertan artatu eta maneiatzeko muga suposatzen du. Horrek dakar pazienteak bestelako espezialisten kontsultetan edota urgentzietan artatuak izateko deribazio gehiago egitea, zerbitzu horiek saturatu eta ospitaleko ingresuak areagotuz. Finean, sistemaren kolapsora garamatza. Argi eta garbi, telefono bidezko arreta, itxaron zerrenda luzeak, larrialdietan ordu luzez zain egotea… horren sintomak dira.

Pentsa noraino errotu den egoera, ezen Donostialdeako ESIko arduradunen kargugabetzeak egiteko era kritikatu duten askok, korreo elektroniko eta dei bidezkoak izan baitira. Ironikoa da.

“Erabiltzaileei esango nieke osasun-sistema publikoaren alde burutzen den mugimendu orora biltzeko”

Zer eskatuko zenieke Osakidetzako erabiltzaileei? Eta osasun-sistema publikoko arduradunei?

Erabiltzaileei esango nieke osasun-sistema publikoaren alde burutzen den mugimendu orora biltzeko.

Arduradunei, bestalde, utz dezatela gaur egungo deriba eta indartu dezatela lehen arreta, ez soilik diru eta pertsonal aldetik, baizik eta lan egiteko era aldatuz. Pazienteen ikuspegi biopsikosoziala lantzea ezinbestekoa da eta horretarako, kontsulten desburokratizazioaz gain, pertsona bakoitzeko nahiko denbora behar dugu. COVIDak airean utzi ditu Osakidetzak eta bere lan egiteko erak dituen arazo estruktural ugariak. Hortaz, une hobezina da lehen arretan inbertitu eta sistema arnasberritzeko, horrekin etorriko baita artatzearen hobekuntza. Osasuna ez da produktu merkantila eta ezin da hala kudeatu. 

Amaitzeko, guztiei gogoratu nahi nieke, errekurtsoak mugatuak direla beti eta ez direla nahien arabera baliatu behar; ez dira lehen iristen denarentzat, gehien kexatzen denarentzat edota ‘like’ gehiago ematen dituenarentzat. Errekurtsoak behar dituenarentzat dira eta, uneren batean, guztiok behar izango ditugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide