Laster irekiko dute Laudioko disuasio-aparkalekua, kokaleku berrian

Jone Gartzia Gerra 2022ko abe. 12a, 13:57

Laudioko Udalak datozen asteetan irekiko du 40 plazako disuasio-aparkalekua industrialdearen sarreran.

Herritarren iradokizunei jarraiki, Goikoetxen egitekoa zen aparkalekua industrialdearen sarreran eraiki du Udalak. 40 plaza izango ditu eta “hurrengo asteetan” irekiko duela adierazi du.

40 plazako disuasio-aparkalekua eraiki du Laudioko Udalak industrialdearen sarreran. Hasiera batean Goikoetxe inguruan egitekoa zen, adinekoen egoitzaren ondoko lursailean, Arabako Foru Aldundiak eremua laga baitzion urrian. Auzoko Batzarretan herritarren iritzia jaso ostean, 120 metro urrunago egitea erabaki zuten, industrialdearen sarreran. Udalak ohar bidez adierazitakoaren arabera, “konponbide horrek obra gutxiago egitea ekarriko du”.

Ander Larrinaga Hiri Garapeneko zinegotziaren arabera, aparkalekua “oso aukera interesgarria da erdigunetik ibilgailuen zirkulazioa murrizteko”. Izan ere, bertatik 450 metrora dago, eta Goikoplazako eraikin berrietatik 150 metrora.

Erakundearen arabera, aparkalekuak bi helburu beteko ditu: alde batetik, “inguruan izaten ari den hirigintza-hazkundeari” eman nahi dio erantzuna eta, bestetik, “Odeibarreko aparkalekua kendu izana” konpentsatu nahi du.

Udalak argitu du “hurrengo asteetan” gaituko duela aparkalekua eta horren erabileraren jarraipena egingo duela, “eraginkortasuna baloratzeko eta etorkizunean egin daitezkeen jarduketa berriak baloratzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide