Ebazpena behin behinekoa bada ere, Ander Añibarro Laudioko alkateak poz handiarekin eman du berria: Europako Next Generation funtsetatik 1.660.883,20 euro jasoko ditu Udalak bertako merkataritza eraldatzeko. “Oso berri ona da, zorioneko gaude”, adierazi du gaur bertan emandako prentsaurrekoan. Bertan azaldu du aurkeztutako proiektuaren “kalitateari esker” jaso dutela laguntza; “Europar Batasunaren babesa izan duten EAEko bost udalerrietako bat” baita Laudio, “zenbateko handiena lortu duena”, hain zuzen ere.
Laguntza horri esker, guztira, 2.076.104,43 euroko inbertsioa egin nahi du Laudioko Udalak tokiko merkataritza eraldatzeko. Proiektuaren helburua hiru ardatzetan estrategia berriak garatzea izango da, lehiakortasunean, berrikuntzan eta merkataritza-jasangarrian, hain zuzen. Horretarako, "14 ekimen eraldatzaile” proposatu dituzte, besteak beste, online salmentari lotutakoak, plastikoaren erabilera eta soberakinak murriztera bideratutakoak, armairu adimendunen instalazioari dagozkionak eta etxez etxeko banaketaren ingurukoak.
Zalantzarik gabe, proiektu guztien artean esanguratsuena Abasto plaza eta merkatuarena da. Plaza berritzeaz gain, 410 metro koadroko merkatu berria eraiki nahi du Udalak, zazpi salmenta-postu, gune komunak eta aisialdirako eta ostalaritzarako gune bat izango dituena. Plaza berdindu eta irisgarriagoa egingo dute, herriko plazarekin zuzenean lotzeko, eta Nerbioi kalea irisgarriago egiteko ere baliatu nahi dute proiektua. Gainera, merkatua espazio bizia izatea nahi dute, proiektu berriak garatzeko eta herriko merkataritza guztiarentzako zabalik egon dadin. Ander Añibarrok harro esan du ekimena funtsezkoa dela “Laudioko merkataritza eraldatzeko eta ingurunea hirigintzaren ikuspegitik lehengoratzeko”.
2024rako bukatuta
Ebazpena behin behineko proposamena da oraindik, baina, tokiko erakundeak azaldu duenaren arabera, datozen asteetan onartuko dute behin betiko, eta ez dute ezustekorik espero. Ebazpena jaso bezain laster, aipatutako proiektuak garatzen hasiko direla adierazi du Udalak. Izan ere, 2023 eta 2024 urteen artean gauzatu behar dituzte.
Horrenbestez, obra handien urtea izango da 2024a: antzokia, ibaiko lanak, suhiltzaileen eraikina eta ertzain etxea, parkea… Lanak beharrezkoak eta estrategikoak direla azpimarratu du Añibarrok eta, tokiko merkataritzari dagokionean, egungoa “une erabakigarria” dela. Digitalizazioaren eta denda handien lehiaren ondorioz erosteko eta kontsumitzeko ohiturak aldatzen ari direla azaldu du eta, haiekin, sektorea bera ere. “Gure merkataritza erreferentea izatea, egokitzea, haztea eta lehiatzeko gai izatea nahi dugu”, gaineratu du alkateak.